Realak oparia egin dio Garitanori Bergaran

Eneko Azkarate Laspiur 2018ko uzt. 28a, 20:51

Asier Garitanorendako egun handia izan da. Agorrosinen, herrikideen aurrean, Reala 3 eta 2 nagusitu da, etxean bezala izan den Jagoba Arrasateren Osasunaren aurka.

Entretenigarria izan da lehia, batez ere lehen zatia, zaleek gol ederrez gozatzeko aukera izan dutelarik. Partiduaren aurretik, Bergarako Errealzaleak lagunarteak plaka oroigarria eman dio Garitanori; eta bi taldeetako jokalariak, Euskaraldiaren alde atera dute argazkia, Ahobizi eta Belarriprestarekin. Agorrosin bete egin da, harmaila nagusia ez ezik, gaurko propio jarritakoa ere bai; 1.500 lagun inguru.

Realak bi hamaikako erakutsi ditu, zati bakoitzean ezberdina. Jokatzeko aukerarik izan ez dute Agirretxek, Kevinek eta Zubiaurre atezainak. Min hartuta zeuden gainerako taldekideak ere Agorrosinen izan dira partidua harmailetatik jarraitzen.

Harmailetan zeuden, era berean, Roberto Olabe Realeko kirol zuzendaria, eta Beñat Labaien bergararra, Imanol Ibarrondo eta Erik Bretos, Realaren talde teknikokoak.

Bestalde, Bergara Kirol Elkarteko, eta Realeko eta Osasunako zuzendaritzek herriko jatetxe baten bazkaldu dute, giro ederrean.

Hector Moreno hasierako hamaikakoan

Realak, hasieratik honako hamaikakoa zelairatu du:

Rulli, Zaldua, Illarra, Zubeldia, Hector Moreno, Juanmi, Oiartzabal, Willian Jose, Aritz, Zurutuza eta Sangalli.

Garitanok denboraldi-aurreko hasierako partiduetatik erakutsi duen 4-4-2ko marrazkiari eutsi dio gaur ere, lehen zatian. Eta atzeko lauko lerroan Zubeldia eta Zaldua nagusitu dira. Zubeldiak, lerroari eutsiz eta atzetik aginduz; Zalduak, eskuin hegalari sakontasuna emanez. Hamaikakoan, berritasuna Hector Moreno izan da. Beranduago hasi du denboraldia Mundialaren ostean eta ustekabea izan da ezkerreko hegalean ikustea. Oreka eman dio taldeari mexikarrak.

Erdi-erdian, Ilarra era Zurutuza; hauen albo banatan, Sangalli eskuinean eta Oiartzabal ezkerrean; eta aurrean, Willian eta Juanmi. Sangallik erakutsi du geratzeko heldu dela lehen taldera. Denboraldi-aurreko partiduetan nabarmentzen ari da, bizkortasunagatik eta ausardiagatik batez ere. Fin ibili da gaur ere.

Lehen zatian, Reala izan nagusi eta baloiaren jabetza berea izan da, baina Osasuna aurreratu da, partiduak lehen laurdena beteta ez zuenean, zuri-urdinek atzean egindako huts baten ondorioz. Zurutuzak baloia galdu du zelai erdian eta Rulli ere ez da fin ibili; bai, ordea, gorritxoak: Nacho Vidalek amaiera bikaina eman dio Olabidek eskuin hegaletik egindako jokaldi politari (0-1).

Zubeldiaren gol ederra

Ondorengo minutuetan, Realak bi gol aukera izan ditu bata bestearen ondotik, Juanmiren beta Willianen eskutik. Berdinketaren gola, lehen zatia amaierara heltzen ari zenean etorri da, 38. minutuan, Willianen jokaldi eder baten ostean. Dena den, Fran Merida zuri-urdin ohiak bigarrena egiteko aukera izan du minutu bat lehenago, baloia langara bidaliz. Berdinketaren ostean, Sangallik izan du bigarrena egiteko aukera, baina Realekoen gola Zubeldiak egin du atsedenaldiaren aurretik, 44. minutuan: Oiartzabalek, falta bidez, bikain erdiratu du eta azkoitiarrak area ertzetik hobeago errematatu du.

Zuri-urdinak markagailuan aurretik zirela, merezita, joan dira aldageletara bi taldeak.

Aldaketa bigarrenean

Bigarren zatian, hamaikakoa goitik behera aldatu du Asier Garitanok, eta honako hauekin zelairatu da Reala: Moya, Gorosabel, Le Normand, Lapeña, De la Bella, Guevara, Ruben Pardo, Merino, Merquelanz, Capilla, Bautista.

4-2-3-1 marrazkiarekin frogatu du, entrenatzaile bergararrak, Pardok punta-erdi lanak egunez. Ondo aritu da: garaipenaren gola, haren eskuinkada baten ostean etorri da. Realak, iaz Bigarren B Mailan denboraldi bikaina egin zuen Sanseko jokalariekin -Moya, De la Bella eta Pardoren laguntzarekin- egin dio aurre Jagoba Arrasaten taldeari.

Gorritxoak hobe, baina Pardok garaipenaren gola

Gorritxoak hobeak izan dira bigarren zatian eta neurketa orekatuagoa izan da. Berdintzea ere lortu dute, partidua amaierara heltzear zela, aurretik bizpahiru gol aukera izan ostean. David Garciak egin du binakoa

86. minutuan -ordurako, Jagoba Arrasatek talde erdia aldatuta zeukan, 60. minutuan egin ditu-eta aldaketok-. Baina Realak irabazi egin nahi zuen, entrenatzailearendako horren berezia zen egunean eta Ruben Pardok eman die saria Garitanori eta zuri-urdin zaleei, Bergarakoei, bereziki: area kanpotik egindako jaurtiketa bikaina, Osasunaren atezainaren, Juan Perezen, eskuinetik sareetara joan da. 87. minutua zen eta ordurako, zaleek, gazteenek batez ere, epaileak amaiera adierazteko zain zeuden, jokalariak agurtzera berdegunera salto egiteko.

Halaxe izan da. 3-2 eta denak pozik. Baita Agorrosinera batu diren Osasunaren zale ugariak ere, galdu arren itxura ona erakutsi duelako haien taldeak.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak