Ordaindu eta Eskuratu elkarteetako kideek nahigabe handiarekin hartu dute epaia "guztiz probatutako ekintzak ez direlako kontuan hartuak izan, eta gainera, ekintza horiek gezurtatzeko probarik inongo unetan agertu ez duenean demandatuak, hau da, Mondragonek". Horregatik, 900 laguni baino gehiagori eragiten dion "auziaren mamian sartu ez izana epailea" atsekabez hartu dute, "sentsibilitate falta handia" erakutsi duela adieraziz.
Bi elkarteek adierazi dutenez Mondragonek ez zuen inongo unetan ezbaian jarri kaltetuek sarri erreklamatu izana euren aurrezkien galera Arrasateko kooperatiben korporazioari: "Manifestazio eta elkarretaratze asko egin ditugu, elkarrizketak eskaini komunikabideetan eta guztiak Mondragoni exijitzeko kooperatibak jausi ostean galdutako 47 milioien kargu egin zedin". Hori horrela, sinestezina iruditzen zaie epailearen argudioa, hau da, ez dela frogatu preskripzio epeak etenik izan duenik, "argi eta garbi ikusi arren MCCri erantzukizunak eskatu izana".
Bi elkarteek adierazi dute datozen egunetan aztertuko dutela Gipuzkoako Lurralde Auzitegian errekurtsoa jarri edo ez.