Tolosako Nazioarteko Abesbatzen Topaketan ezagutu zituzten KUP taldekoek Taipeiko Nazioarteko Abesbatzen Jaialdiko arduradunak, eta Taiwaneko topaketan parte hartzeko gogoa adierazi zien talde euskaldunak. Antolatzaileek eskaintza onartu zuen hori horrela, aurten hamazortzigarren aldia izango duen Asiako abesbatzen jaialdi garrantzitsuenean, Esloveniako, Alemaniako, Letoniako eta Austriako goi mailako abesbatzekin batera izango da KUP Taldea.
Arrasateko Rakel Murgiondok, Oñatiko Aitor Biainek, Gorka Aranburuk eta Amaia Igartuak, eta Bergarako Karlos Etxanizek, Marije Ugaldek eta Aitor Garitanok maletak prest dituzte bihar, zapatua, Taiwanerako bidea hartzeko. Abuztuaren 7an itzuliko dira Euskal Herrira, bien bitartean, kontzertuak eskainiko dituzte, bi musika tailerretan ere parte hartuko dute, eta era berean, turismo apur bat egiteko ere aprobetxatuko dute.
Kontzertuak eta tailerrak
Bi kontzertu mota prestatu dituzte KUP Taldekoek: luzea eta motza; luzean, askotariko konpositoreen obrak abestuko dituzte lehenengo zatian, eta bigarrena, berriz, euskal folklorearen erakusle izatea nahi dute.
Bidaiaren eraginak arintzeko asti handiegirik barik, astelehen arratsaldean eskainiko dute lehenengo emanaldia. "Haurrentzako kontzertua izango da, laburra, lau euskal kanta ezagun abestuko ditugu; iluntzean, Taipetik ordubetera dagoen Chungli City Performance Hall aretoan izango gara, eta han, bertako abesbatzaren saioaren ostean, errepertorio luzea eskainiko dugu. Hurrengo egunean, martitzena, Taipetik ordubetera dagoen Taoyuan County herrian izango gara, eguenean, hiru orduko bidaia eginda, Tainan Unibertsitatean, eta azkena, Taipeiko areto handi baten, abuztuaren 4an", azaldu du KUP Taldeko kide Karlos Etxanizek.
Jaialdiaren baitan, baina, bestelako ekitaldiak ere izango dira, adibidez, tailerrak, eta horietako bitan izango direla dio Etxanizek: "Gabriel Baltes gure zuzendariak emango du tailer bat, eta Javier Busto euskal konpositoreak bestea, eta abesbatzakoak ere han izango gara".