Irungo ordainlekutik 160.400 ibilgailu inguru pasako dira uztailaren 27tik 29ra bitarteko asteburuan. Horietatik, 111.200 ibilgailu Behobiatik Donostia noranzkoan pasatuko dira eta 49.200 ibilgailu Baionarako norabidean.
Aurreikuspenak kontuan izanik, Bidegik kabina guztiak zabalik izango ditu eta Maltzagako lotunean Bilborako eta Algeciraserako trafikoek bina errei izango dituzte.
Irungo ordainlekuko hamahiru kabinak irekita mantenduko dira; zortzi kabina Iparraldetik datorren trafikoa kudeatzeko prestatuta egongo dira, eta gainerako bostak Behobia aldera doazen ibilgailuentzat. Gipuzkoako Foru Aldundiak azaldu duenez, hamahiru postuak prestatuta egongo dira ordainketa mota guztiak onartzeko: Abiatu gailua, kreditu eta zordunketa txartelak, dirua eta Via-T. Zarauzko ordainlekuan ere bitarteko gehiago jarriko direla jakinarazi dute.
Uztailaren 30a eta 31a
Aurten, uztailaren 31a asteartea izanik, joan etorri handiak izango dira astelehenean eta asteartean. Bi egun horietan beste 88.400 ibilgailuk igaroko dute Irungo ordainlekua.
Foru agentziak gogoratzen du Biriatun egon daitezkeen kontrolak joan etorrian eragina izan dezaketela eta nortasun agiria edota pasaportea eskura edukitzea eta informatuta egotea gomendatzen du, bai Eusko Jaurlaritzako Trafikoko web orrian, www.trafikoa.eus, twiterren, 011 telefonoan eta Bidegiko webgunean.