Aste barruan GOIENAri adierazitakoa inoiz ez moduan erakutsi du Maialen Axpek Getafen. Duela hilabete pasa orkatilako arazoekin ibili zen, baina, koska horretatik errekuperatu eta joan den astean Bartzelonan erakutsi moduan, Bedoñakoa atzetik aurrerako progresioan iritsi da Espainiako Txapelketara.
Txapelketako dominak zeuden jokoan, baina baita beste sari potolo bat ere, abuztuaren 6tik 12ra bitartean Europako Txapelketak egongo direlako jokoan, eta bertara sailkatzeko azken geltokia izan da Getafekoa. Bada, Malen Ruiz de Azuak txapelketa bikain hasi badu ere, ezin izan du 4,35eko marka gainditu -marka ederra, bestalde-. Baina, bi atleta egon dira benetan nabarmendu direnak: Maialen Axpe eta Monika Clement. Borroka estua izan dute atleta horiek guztiek, baina Axpe eta Clement 4,45era iritsi dira, eta hori gaindituta, 4,50ekoan ezin izan dute aurrera egin. Bada, baliogabeko salto gutxiago egin dituelako, kataluniarrarendako izan da urrea: "Gure artean lehia oso estua izan dugu, baina txapelketara aukerak aprobetxatzera etorri naiz", adierazi du Espainiako telebista publikoan.