Honako hau izaten da bidaia agentzietan jende gehien ibiltzen den sasoia?
Bai, bai; gehienek abuztuan hartzen dituzte oporrak, nahiz eta azkeneko urteotan igarri den jendeak urtean zehar ere asko bidaiatzen duela eta oporrak banatzen dituela urteko beste sasoi batzuetan. Aste Santuaz gain, zubiak direnean, urrian, udaberrian…
Denborarekin planifikatzen dira oporrak?
Bai, oro har, bai. Udarako, otsailean-eta hasten da jendea. Hala ere, azkeneko momentuan aritzen denik ere bada, eta horiendako beti daude eskaintzak azken unean, ze maioristek inbertsio handiak egiten dituzte charter hegaldietan eta saldu ez dituzten apur horiek salgai jartzen dituzte prezio onetan.
Bereziki asko bidaiatzen dute debagoiendarrek?
Bai, bai, bidaiazaleak eta bidaiariak gara eskualde honetan.
Batez ere, zeren bila doaz bidaia agentzietara debagoiendarrak?
Denetik dago. Batzuek egunerokotasunetik ihes egin nahi dute bakarrik, eta eguzkiaren edo lasaitasunaren bila doaz; beste batzuk leku berrien bila doaz; eta familia asko, seme-alaba nerabeekin-eta, nazioartera doaz, toki berrien bila: Costa Rica eta halakoetara…
Zein da aurtengo opor-leku izarra?
Irlanda asko saldu dugu; eta Madeira, Costa Rica, Ameriketako Estatu Batuak… Thailandia ere urtero saltzen da, Asiako herrialderik merkeena da.
2008ko krisialdia erabat gaindituta dagoela esan daiteke?
Gauzak aldatu egin dira eta krisi aurreko egoera ez da oraingoa, baina aurten, egia esatearren, igarri dugu poztasun berezi bat udako opor bidaiak kontratatzeko orduan.
Zertan eragin dizue bidaia agentziei Internetek?
Ohiturak aldatu diren dudarik ez dago, baina guk ere kontratatzen ditugu bidaiak Internet bidez, eta, hotelak bezala, baita etxe turistikoak ere. Kontua da guk bezeroaren aurrean erantzun egiten dugula, berme bat eskaintzen dugula, betiere, legearen barruan, gainera. Hogei urteko esperientzia dugu. Hori baloratzen duenik ere bada.