Julen Arriola: "Indartsuago sentitzen naiz, inoiz baino hobeto"

Mikel Zumalde 2018ko uzt. 20a, 14:41

Aretxabaletarra, esperientzia ederra bizita bueltatu da Hegoafrikatik. 'Rocklands' bloke gune famatuan izan da Ander Mendieta arrasatearrarekin batera.

Ametsak egia bihurtu. Iraganean, zaila zirudiena, orain errealitate bilakatu. Ibarra kiroldegitik, Hego Afrikara salto egin duen gaztea da Julen Arriola (Aretxabaleta, 1998). Hilabete luze egon da buru-belarri eskalatzen eta orain, etxera bueltatu da, herrira. Rocklands bloke gune famatuan egundokoak eta bi egin da, sekulako gozatua hartu du Arriolak. Alboan, Ander Mendieta arrasatearra izan du.

Zer dela eta, joan zara Hegoafrikara? Nolako esperientzia izan da?

Rocklands bloke-gunea dago han. Munduko leku onenetako bat da, eta eskalatzeko eskaintza oso zabala da. Potentzial handia dago, bloke asko estreinatu gabe eta hainbat zabaltzeko. Zalantzarik gabe, esperientzia ahaztezina, errepikatzeko modukoa. Txikitatik jarraitzen nuen amets bat betetzea lortu dudala sentitzen dut.

Hilabete egin duzu bertan. Nolakoa izan da egunerokotasuna?

Goiz esnatzen ginen eta gosaldu ostean, eskalatzera joaten ginen. Egun dena eskalatzen pasatzen genuen, bazkaldu gabe. Lagun berri asko egin ditut eta oso ondo zaindu gaituztela azpimarratu nahiko nuke, erraztasun asko emanda. Horrez gain, beti gustatu izan zaizkit animaliak. Horregatik, atsedena hartzen genuen egunetan animaliak topatzera joaten nintzen. Dortokak, pinguinoak eta babuinoekin egon naiz gehienbat, baina horrez gain, baleak itsasoak ikusteko aukera ere izan dut.

Gustukoa egin eta gainera 'Rocklands' moduko paraje eder batean. Ez dakit opor perfektuak existitzen diren, baina zureak ez dira urruti gelditzen, ezta?

Hori da. Opor bikainak izan dira; izan ere, txikitatik gustuko izan dudana egin dut eta gainera, aukera posible asko eskaintzen dituen paraje batean. Asko eskertzen dut Anderren laguntza; izan ere, hura gabe ez nuen horrelako aukerarik edukiko. Hark, munduko hainbat leku ezagutzen baititu.

Hel diezaiegun lorpenei. Ze graduko blokeak eskalatzea lortu dituzu?

Black Velvet 8a lortu dut eta maila bereko hainbat bloke probatu ditut. Ez ditut lortu egitea, baina, asko disfrutatu dut saiatze hutsarekin. Anekdotaren bat ere badut; Ander 8b bat egiten ari zela, nik inguruko blokeak arakatu nituen. Honela, bateren bat zabaltzea erabaki nuen. Egurra gaztiak izena jarri nion, 7a graduko zailtasun maila zuen horma bati.

Orain dela hilabete joan zen Julen Arriola eta orain bueltatu dena berdina da? Plano pertsonalean asko hobetu duzu?

Bai. Horrelako bidaietan beti hobetzen da. Gehienbat, ondo eskalatzen ikasten da. Hau da, indartsuago sentitzen naiz, inoiz baino hobeto. Lehen egin ezin nuena, orain, erraz egin dezaket.

Denboraldia modu ezin hobean borobildu duzu. Orain atsedenaldia dator edo eskalatzen jarraituko duzu?

Orain, atseden hartuko dut. Atzamarrek deskantsatu egin behar dute. Astebete egongo naiz errekuperatzen, azala zaintzen. Hala ere, irrikan nago hemengo proiektu berriak probatzen hasteko. Hegoafrikako bidaiako nekea pasa ostean, Zumaia eta Getaria artean dagoen blokeetara joango naiz. Betiere, Araotzeko paretak ahaztu gabe, noski.

Ikasi dituzun teknika berriak Aretxabaletako kiroldegiko boulder gunean beste eskalatzaileei erakusteko prest?

Bai. Edozelan ere, ez da berdina Hegoafrikan ikasi dudana eta nik maisu bezala umeei erakutsiko diedana. Harrian edo kiroldegian ez da berdina eta horregatik nik egin dudana niretzako gordeko dut. Nire helburua besteei ilusioa transmititzea izango da, horrelako bidaien zirrara jendearen artean pizteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak