Carlos Alvarezek estreinatu du Gatzagako helmuga berria

Xabier Urtzelai 2018ko uzt. 15a, 16:13

Dorletako Ama Sariaren XLI. edizioan Gomur taldeko Carlos Alvarez izan da onena. Antolatzaileek herri barruan helmuga lekuz aldatzea erabaki dute, eta ikusgarritasunari dagokionez bete-betean asmatu dute, nahiz eta aurrerantzean esprinterrek aukera txikiagoak izango dituzten bertan besoak altxatzeko. Igotzaileek, berriz, aukera gehiago izango dituzte.

Gatzagako iturri parera eraman dute antolatzaileek helmuga. Hala, lehengoarekin alderatuta 50 metro gehiago ditu, baina aldapa gora dira: "Azken metro horiek oso gogorrak egin zaizkit", zioen umorez lasterketa oso txukuna egin duen Aritz Kortabarriak –helmugan bosgarren, eta tarteko helmugen irabazlea–. Antzuolarrak duela aste gutxi etxean izandako proban baino gehiago gozatu du gaur, eta egun osoan aurrealdekoen borrokan ibili da.

Irabazleak, Carlos Alvarezek, ez zuen beste urte batzuetako erreferentziarik, eta Gomurreko mutilak goizeko lehenengo itzuliak baliatu behar izan ditu Gatzagako igoerari neurria hartzeko. Bada, hirugarren eta azken igoeran Ampoko Iker Ballarinekin izan du esprint polita, baina azken metroetan Ballarinek amore eman behar izan du.

Jokin Etxabe, amateur mailara itzulita

Bailarako ziklistei dagokionez, eguneko beste protagonistetako bat Jokin Etxabe bergararra izan da. Iaz AEBtan Aevolo taldearekin egon ostean 2018a Interpro Stradalli Cycling taldearekin hasi zuen, baina esperientzia ez da erabat ona izan: "Maiatzerako taldea aurrekontu gabe zegoen, soldatak ordaintzeko aukera barik, eta geldi egon beharrean urtea amateur mailan amaitzea erabaki dut. Eiser Hirumet taldean eman didate horretarako aukera, anaia dagoen taldean, eta pozik nabil. Hiru hilabetez geldi egon ostean polita izan da ostera ere dortsala janztea eta ziklista sentitzea. Oraingoz ez dut besterik eskatzen". Helmugan 16.a izan da, normala den moduan, Bergarakoak igarri egin du azken hilabeteotako geldialdia.

Sailkapena (lehen bost onenak):

  1. Carlos Alvarez (Gomur Cantabria Infinita)
  2. Iker Ballarin (Ampo Goierri) 2 segundutara
  3. Victor Etxeberria (caja Rural) 7 segundutara
  4. Roman Martin (Caja Rural) 11 segundutara
  5. Aritz Kortabarria (Grupo Eulen) 21 segundutara

Taldekako sailkapena (bost onenak):

  • Caja Rural Seguros RGA
  • Ampo Goierriko
  • Grupo Eulen
  • Comur Cantabria
  • Lizarte

Mendiko saria:

Carlos Alvarez

Tarteko helmugak:

Aritz Kortabarria

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak