Gijonetik etorritako Junquera anaiak izan ziren zapatuko lasterketan protagonista. Iazko irabazle Luis Junquerak ez zuen haren anaia Mariok lasterketa hasieratik jarritako erritmo azkarrari jarraitzeko ahalmenik izan –ez berak, eta ezta beste inork– eta iaz ikusle moduan egon zen Mariok lasterketa bakarrik egin zuen, tarte politarekin: "Azken kilometroan, baina, eltxo bat irentsi eta biriketaraino joan zait. Eztulka hasi naiz, eta abantaila guztia galdu dut. Atzera begiratu eta anaia zetorrela konturatu naiz, eta eskerrak horri. Iaz berak irabazi zuenez, azken metroak elkarrekin egin ditugu eta ez dugu esprintik egin".
Garaipenagatik lehiatzeko ez, baina podiumeko hirugarren postuagatik borrokatzeko esprint ederra egon zen. Eta hor, Gijongo David Alvarez eta Iñigo Mugarza oñatiarra izan ziren zein baino zein gehiago. Ziztu bizian pasa zuten plaza, eta tarte oso txikiarekin baina asturiarrak irabazi zuen: "Aurten ere laugarren, zerbait pentsatu beharko dut. Antolatzaileei podiumean laugarren koska jartzeko eskatu edo...", zioen umorez Mugarzak –oñatiar onenaren saria jaso zuen– nahiz eta onartu amorru apur bat eman ziola esprinta galdu izanak: "Esprintean atzeko gurpilak irrist egin dit, eta beldurtu egin naiz. Pena, lasterketa txukun prestatzen ahalegindu naizelako hilabete hauetan, baina bestalde, ez dugu minik hartu eta gozatu ederra hartu dugu proban, horrenbestez, ezin dugu gehiago eskatu".
Amaitzeko, giro paregabea egon zen lasterketan, jende asko batu zen ziklistak animatzeko eta eguneko albiste txar bakarra bigarren itzulian ziklistetako batek izandako eroriko ikusgarria izan zen. Baina, bizikletak eraman zuen zatirik txarrena, koadroa erdibitu egin zelako. Kronika zabala astelehenean, Harmailatik saioan (21:30).
SAILKAPENAK
- Mario Junquera (Gijon)
- Luis Junquera (Gijon)
- David Alvarez (Gijon)
- Iñigo Mugarza (Oñati)
- Aitor Lafuente (Bartzelona)
- Iñaki Madinabeitia (Oñati)
- Xabier Ayastui (Oñati)
- Mikel Roldan (Aretxabaleta)
- Cesar Medina (Burgos)
- Garikoitz Zabaleta (Hernani)
- Oskar Elorriaga (Abadiño)
- Mikel Olalde (Oñati)
- Enrique Martin (Bilbo)
- Jon Grijalba (Donostia)
- Dani Rey Del Hoyo (Aranda de Duero)
- David Grovas (Gasteiz)
- Jose Ignacio Lopez (Bilbo)
- Arkaitz Etxaniz (Gasteiz)
- David Yann (ST Pee Sur Nivelle)
- Xabier Barrena (Oñati)
- Agustin Rodriguez (Vinaroz)
- Jose Luis Parraga (Leitza)
- Juan Pato (Madril)
- Jon Ander Arakama (Mutriku)
- Miguel Hernandez (Madrid)