Garazi Estebez: "Esfortzuak hobeto neurtzen ditut orain"

Xabier Urtzelai 2018ko uzt. 13a, 19:01

Garazi Estebez, aste barruan Urkulun.

Iaz irabazi zuen Euskaldun Torneoan lider dago aurten ere Garazi Estebez; ziklista gazte horrek ez du mugarik, eta asteburuan Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak poltsikoratu gura ditu.

Goizean entrenatzen ibili den arren, Garazi Estebezek irribarre batekin ekin dio Aretxabaletatik Urkulurako malda igotzeari. Aurpegiko keinua gogortzeko, baina, ez du askorik behar, eta hortzak estuturik gorputza muturrera eramateko gaitasuna dauka aretxabaletarrak: "Dohain hori dut, baina, batzuetan, dohainak nire kontra egiten du; izan ere, asma arazoengatik, sarritan hustuta iritsi naiz helmugara. Indarrak neurtzen ikasi dut, eta asma kolpea izan behar dudala ikusterakoan arnasketa kontrolatzen". 

Euskalduna Torneoko lasterketa erdiak irabazi dituzu –bost–. Iaz, lehenengo urteko kadetea izanda, torneoa irabazi zenuen: aurtengoa ez da sorpresa izan. 

Ez, aurrean ibiltzea ez da sorpresa izan, baina kanpotik lauzpabost txirrindulari etorri dira Euskalduna Torneoan lehiatzera, iaz egon ez zirenak. Eta ez neukan garbi gure arteko borrokak zer emango zuen.

Neguan pista estalian egindakoa aurrerapen bat izan zen. 

Bai; hor ere lasterketetan aurrealdean ibiltzeko asmoarekin hasi nintzen, errepideko denboraldia prestatzeko egokia da-eta pista estalian jardutea. Eta Espainiako txapeldun izan nintzen. Ikusi nuen iaz baino indartsuago nengoela, eta horrek asko motibatu ninduen errepidera begira.

Neguan indartsu dagoenari, baina, urtea luze egiten zaio, edo? 

Ahalegindu naiz hori zaintzen; izan ere, ez nuen denboraldi hasiera oso ona egin nahi eta ondoren beherakada handia izan. Taldekideen entrenamenduak ikusi eta koska bat jaisten ahalegindu naiz, kilometro gutxiago eginda. Espainiako Txapelketan ikusi dut ziklista batzuk justu samar iritsi direla hitzordura, oso indartsu hasi zirelako, eta nik espero dut urte amaierara arte indartsu egotea.

Lautadan ondo, esprintean azkarra... Eta San Martzialgo igoeran espezialisten moduan jardun zenuen malda gora, gazte mailakoek baino denbora hobea eginda. 

Iaz, hainbatetan joan nintzen San Martzialera entrenatzera, igoera probatzera. Aurten, birritan baino ez naiz joan, eta, benetan, sentsazioak ez ziren batere onak izan [Barre]. Lasterketan ere ez nindoan batere ondo, baina gorputza muturrera eramateko kapaz naiz, eta hor ematen dut onena.

Helmugako irudiak, baina, gogorrak izan ziren –zorabiatu egin zen, arnasa hartzeko arazoengatik–. 

Bai, lehen esan dudan moduan, sufrimendurako gaitasuna izatea norberaren kontra etor daiteke. Lehen, sarriago izaten nituen asma kolpeak, eta banabil hori hobetzen; arnasketa kontrolatzen, esaterako. Gertatu izan zait tropelean joan, asma kolpea datorkidala ikusi, erritmoa lasaitu eta egoera gainditzea... Baina kilometro eta erdiko kronoigoera batean oso zaila da, eta larri iritsi nintzen gora, bai.

Arazo horiei aurre egiteko hartu beharreko medikazioa albiste izan da azken urtean, zoritxarrez. Froome datorkit orain gogora. 

Bai; mediku espezialista baten onarpena izan behar dugu medikamentu konkretu horiek erabiltzeko, eta federazio guztietan aurkeztu behar izaten dut baimena, lasterketa aurretik. Egiaztagiriarekin batera eta bestera ibili behar izaten dut. 

Hasi da Tourra; jarraitzen duzu? 

Bai. Ez naiz etapak osorik ikusten dituen horietakoa, baina lasterketa laburpenak, Instagramera taldeek igotzen dituzten bitxikeriak... horiek gustatzen zaizkit. 

Gustuko txirrindularirik?

Peter Sagan [Barre]. 

Zorionez, emakumezkoen txirrindularitzan gazteok erreferente onak dituzue; aurretik beste batzuk bidea egiten dabiltzan seinale. 

Bai, eta taldean bertan asko miresten dudan jendea dut. Sara Martin, Leire Olaberria... Ane Santesteban da beste erreferente bat... Konturatzen naiz zelan zaintzen diren, zelan entrenatzen diren, eta ziklismoa lan kontuekin zelan bateratzen duten. Erreferente onak daude. 

Bihar Tolosan duzue jokoan Gipuzkoako eta Euskadiko Txapelketa. Hitzordua gorriz markatuta duzu?

Gorriz, eta hizki handiekin [Barre]. Lasterketa laua da, esprintean erabaki daiteke, eta ondo datorkit hori. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak