Adrian Merino: "Asko egin dugu 100 urtean; oraindik, asko dugu egiteko"

Iker Oñate 2018ko uzt. 13a, 13:30

Mendeurrenaren ospakizun dinamikan murgildurik da Gipuzkoako Futbol Federazioa. Eta goi mailako hitzordua antolatu du uztailaren 20rako: lagunarteko partidua jokatuko dute Eibarrek eta Realak, Ipuruan. Aukera aprobetxatuz, urteurrenaz eta aurrera begirakoaz jardun du Adrian Merinok, Gipuzkoako Futbol Federazioko zuzendaritza batzordeko kideak.

Mendeurrena egin berri du Gipuzkoako Futbol Federazioak. Ospatzeko garaia izaten omen da...

Ekintzaz beteriko egitarauan gaude murgildurik. Eta hala jardungo dugu urtea bukatu bitartean. Hain zuzen, apirilaren 25ean ekin genien ospakizunei, ezin hobeto. Hunkitzeko moduko ekintzarekin: Gipuzkoako klubetako egungo eta iraganeko zenbait presidente elkartu genituen; oroigarri bana eman genien. Polita izan zen. Eta, horretan geratu barik, era askotako hitzorduak izan ditugu orain artean: EAEko emakumezkoen futbol selekzioen txapelketa, kirol medikuendako jardunaldiak, nazioarteko epaileen topaketa... Eta oraindik ekintza ugari ditugu egiteko. Esaterako, hondartzan futbol txapelketa izango dugu asteburuan, Zurriolan (Donostia). Estatuko hainbat lurraldetako selekzioek jardungo dute.

Bestetik, hor duzue Eibarren eta Realaren arteko lagunartekoa...

Hala da. Eibarrek eta Realak nor baino nor gehiago jardungo dute uztailaren 20an, Ipuruan; 18:00etan hasiko da partidua. Gurea ez da edozelako lorpena: probintzia txikia izan arren, bi talde ditugu lehen mailan. Ospatu beharrekoa da hori. Beraz, Gipuzkoako futbol festa izango da uztailaren 20koa. Izan ere, eurak dira lurraldeko futbol taldeen erreferente.

Nola lor daitezke sarrerak?

Gipuzkoako futbol taldeek dute sarrerak saltzearen ardura. Geuk bitarteko lanak besterik ez dugu egin. Eta, gainera, eurendako izango da horien salmentarekin lortutako dirua; 15 eta 20 euro artean balio dute sarrerek.

Eta, aurrera begira, zein erronka ditu futbol federazioak?

100 urtean asko egin dugun arren, asko dugu egiteko. Gaur-gaurkoz, 12.500 jokalari federatu ditugu; ez da edozelako kopurua. Baina, esaterako, emakumezkoen futbolaren egoera ez da gura modukoa. Bultza egiten segi beharra dugu. Eta, bestetik, entrenatzaileen, epaileen... formakuntzan ere sakondu gura genuke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak