Debagoieneko 29. jardunaldi gastronomikoak gaur hasiko dira

Jone Olabarria 2018ko uzt. 13a, 10:36

Uztailaren 13tik 29ra Debagoienak 29. jardunaldi gastronomikoak hartuko ditu. Programaren baitan, menu bereziak, bisitak eta txakolin azoka daude aurreikusita. Jardunaldi hauen bidez Debagoieneko baliabide gastronomikoak balorean jarri nahi dira lehen, bigarren eta hirugarren sektoreak bilduz.

Eskualdeko hainbat jatetxetako menuak dastatzeko aukeraz gain, produktuen ekoizpena ezagutzeko aukera zabala izango da eta, aldi berean, eskualdeko eskaintza turistikoa ezagutzeko aukera desberdinak proposatuko dira.

Ekimen honetan Debagoieneko Mankomunitateak, Deba Garaia Landa Garapenak, Debagoieneko Udalek, ekoizleek, museoek eta jatetxek parte hartzen dute Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko laguntzarekin.

Menu bereziak

Eskualdeko hainbat jatetxek garaiko eta bertako produktuekin osatutako menu bereziak eskainiko dituzte, prezio berezietan eta garaiko produktuekin. Menu guztietan entsalada bereziak eta hegaluzea  azalduko dira. Berrikuntza moduan, menuetan munduko beste gastronomiei egingo zaie erreferentzia.

Jardunaldietan parte hartuko duten jatetxeak Goiko Benta Oñatin, Hilarion eta Santa Ana Arrasaten, Lasa Bergaran eta Maialde Elgetan dira.

Bisita gidatuak

Eusko Jaurlaritzaren plangintzaren barnean eskualdeko hainbat esperientzia top esperientziak bezala izendatuta daude eta hauen baitan produktuen jatorria eta ekoizpena ezagutzeko bisita gidatuak egin daitezke:

- Txokolate zaporezkoak: Oñatiko Txokolateixian, txokolatearen interpretazio zentroan. Ordutegi zabala du eta txokolatea saltzen da. Tel.: 605 76 35 95 txokolateixia@hotmail.com

- Leintz Gatzagako Gatz museoa: Gatza era artisauan nola lantzen zen ezagutzeko aukera. Bisita gidatu aukera zabala dago.Tel: 943 71 47 92 reservas@gatzmuseoa.com www.gatzmuseoa.com

- Euskal artzainen ibilbideak: Oñati, Artzainen bizimodua sakonago ezagutzeko Gomiztegi baserrian bisita gidatua aurrez eskatuta. Tel.: 943 2510 08 info@gomiztegi.com www.gomiztegi.com. Bisita gidatuak aurrez eskatuta.

Txakolin azoka

Jardunaldi gastronomikoen programa barruan Debagoieneko V. Txakolin eguna izango da, uztailaren 21ean. Debagoieneko hiru txakolin ekoizlek parte hartuko dute eta gainera, EUSKO LABELeko hegaluze pintxoak banatuko dira. Hegaluzea parrilan prestatuko da.

Jardunaldietako egitaraua eta menuak www.turismodebagoiena.eus web orrialdean daude ikusgai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak