Vitoria-Gasteiz Triathloiak emandakoa

Komunitatetik: Asier Lekue eta 'Poli' 2018ko uzt. 9a, 08:09

Trialeten topaleku izan da asteburuan Gasteiz, izan ere, han jokatu zen atzo entzute handia duen Vitoria-Gasteiz Triathloia. Debagoiendarrak ere izan ziren bertan, besteak beste Atxintxika Debagoiena eta Atxintxiketan Oñati taldeetako kideak, eta gehienek Half distantzian jardun zuten. Hona hemen Asier Lekueren kronika eta Aitor Bengoa Poli aretxabaletarraren argazki sorta.

Alejandro Santamaria madrildarra izan da indartsuena Gasteizko hirian, triatloiaren exijentzia maila ikaragarri igo duen beroaren artean. Santamaria, 8:17:05eko denborarekin garaiezin agertu da, batez ere lasterkako sektorean, bizikleta tartearen ondoren galduta zituen postuak berreskuratuz, bere arerioetako inork jarraitu ezin izan duen erritmoa erakutsiz.

Berdintasuna izan da nagusi proba guztiaren garapenean, Xavi Torres kataluniarra bigarren izanik 8:19:00rekin, eta Raul Tejada guatemalarra hirugarren iritsiz 8:22:23ko denborarekin. Santamaríak, Vitoria-Gasteiz Triathloiaren enbaxadore handietako bat denak, 2014ko garaipena berritu du, eta 2015eko eta 2016ko edizioetan bigarren izan ondoren berriz ere podiumeko lehen postura igotzea lortu du. Bere hitzetan, Vitoria-Gasteiz Triathloia norberak egiten duen sakrifizio guztia merezia du, "Hainbeste maitatzen dugun kirol honetaz gozatzeko eszenatoki ideala da, eta horregatik 2014tik helmuga hau berriz ere lehen postuan gurutzatzea amesten aritu izan naiz".

Bigarren sailkatua, Xavi Torrades, oso pozik agertu da probaren bukaeran, egun osoan zehar sentsazio oso onak izan dituela esan baitu, "nahiz eta bizikletarekin postu batzuk galdu ditudan korrikako sektorean aurrera egin ahal izan dut bertan eraman dudan erritmo onari esker", erritmoa mantendu ahal izan duen arte Santamariarekin batera. Podiuma osatuz Raul Tejada iritsi da. Triatleta guatemalarra, hiria bete duen publikoari eskertuta ageri izan zaigu, "honek guztia ematera motibatu bainau". Gainera, oso pozik aipatu du podiumean toki bat eskuratu izanaz, 2016ean HALF distantzian eskuratutako bosgarren postuak utzi zion zapore garratza kenduz.

Eguneko borrokarik zirraragarriena emakumezkoen FULL distantziaren podium tokien lehian ikusi dugu, hainbat kirolari lehia estu baten murgildurik izan baititugu, azkenean Vanessa Pereira eta Ruth Brito aurreratuz. Ruthek eraso kolpe gogorra jo du 10 bat kilometro falta zirela, eta honi soilik Pereirak erantzun ahal izan dio, azken metroetan aurrea hartu diolarik. Ruth Brito ohikoa dugu Vitoria-Gasteiz Triathloiaren podiumean, eta helmugara iristean jendearen babesa eskertu nahi izan du, "oso zail ikusten nuen podiumean sartzea, baina zuen bultzadak airean eraman nau". Gainera, antolakuntzaren lana proba honen garapenean balioan jarri nahi izan du, "urtero bertaratzen diren nazioarteko triatleten maila handiagoa da, horregatik gaurko lasterketa oso gogorra izan da".

Urte bat gehiagoz, Vitoria-Gasteiz Triathloiak antolakuntza zein bertaratze arrakastatsua izan du, egun osoan zehar hiriko kaleak jendez gainezka egon baitira. 2018ko Vitoria-Gasteiz Triathloia jada bukaera zoriontsua duen istorio bat da, 2019an gehiago.

Goodwin eta Corachan indartsuenak HALF distantzian

George Goodwin eskoziarrak Triathlon Vitoria-Gasteizeko HALF distantzian emandako ikuskizunak ez du erantzunik izan bere arerioen aldetik, eta garaipena lortu du 3:53:41ko denbora itzelarekin. Triatleta britainiarraren ondoren Miguel Angel Fidalgo mallorcarra (4:02:29) eta Erik Merino kataluniarra (4:06:57) sailkatu dira podiumaren tokiak osatuz. 21 urteko triatleta eskoziarrak bere kirol ibilbide laburreko garaipenik garrantzitsuena eskuratu du gaur Triathlon Vitoria-Gasteizen. Helmugara iristean, Goodwinek esan du sentsazio onak irteeratik izan dituela, igeriketa on bat eginez. "Horren ondoren bizikleta sektorean gogor eman diot, eta gero oinezko sektorea burua erabiliz egin dut, distantziak kudeatuz".

Bigarren postuan sailkatu den Miguel Angel Fidalgo mallorcarrak ez duela bere egunik onena esan du helmuga igarotzean "baina hala ere Goodwinek eman didan astinduarekin garaipena gaurkoan oso zail zegoen". Bestalde, Erik Merino oso pozik agertu da podiumean toki bat eskuratuta "iaz laugarren postuan sailkatu nintzen eta postu bat hobetzea podiumean sartzeko oso pozik egoteko da".

Emakumezkoetan, Judith Corachan kataluniarrak iazko edizioan eskuratutako garaipena berritu du, 4:23:53ko denborarekin. Garailea oso emozionaturik agertu da helmugan eta malko artean esan du Gasteizen ez emozionatzea ezinezkoa dela, "oso toki berezia da hemen bizitzen dena oso handia delako". Lasterketaren garapenari dagokionez, triatleta kataluniarrak bizikletako sektorean egindakoa nabarmendu du, "badakit nire sektore indartsuena dela eta horregatik bertan abantaila lortzen saiatu naiz, gero lasaiago lasterka egiteko".

Helene Alberdi gipuzkoarra eta Sarah Kim Bonner kanadiarrak osatu dute emakumezkoen podiuma. Zumaiako triatletak atzetik aurrerako ikusgarri bat burutu du bigarren posturaino iritsiz, helmugara dena emanda ailegatuz, 4:31:48ko denborarekin. Alberdik Gasteizko kaleetan elkartu den publikoaren babesa eskertu nahi izan du, "indarrik ez duzunean publiko honek bultzatzen dizu aurrera egitera". Sarah Kim Boonerrek, 4:33:46ko denborarekin bere ibilbide profesionaleko lehen podiuma eskuratu du gaur Triathlon Vitoria-Gasteizen, "horregatik hirugarren postu hau niretzat izugarria da".

Triathlon Vitoria-Gasteiz 2018ko Half distantzia bere osotasunean maila oso altuko proba bat izan da, eta partaideek guztia eman dute hiriburu arabarrera ekarri dituzten helburu guztiak bete ahal izateko.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak