Plastikoaren arazoari aurre egiteko urratsa

Iker Oñate 2018ko uzt. 6a, 11:29

Plastikozko poltsen erabilera murrizteko ahaleginean, horiek kobratzen hasi dira asteon ibarreko komertzioak. 2020an, ostera, plastikozko poltsak debekatzea aurreikusten du Europako Batasunak. Oro har, "harrera ona" izan du erabakiak.

Uztailaren 1ean jarri zuten martxan arau berria: Espainiako Estatuko salmenta guneak hasiak dira plastikozko poltsak kobratzen. Hain zuzen ere, poltsaren araberako prezioak finkatu dituzte dendariek –legeak hala zehaztuta–; poltsa normalak, lodixeagoak eta material konpostagarriez egindakoak bereizten ditu neurriak. Eta, 5 eta 15 zentimo arteko prezioa dute horiek. Hala, zorroen erabilera murriztu gura dute erakundeek.

Era berean, legeak finkatua du salbuespenik. Alegia, ez da ezer ordaindu beharrik izango "zorro oso arinengatik"; hain justu, frutendako, barazkiendako eta halakoendako erabiltzen dira horrelakoak.

Dendariek, "harrera ona"

Besteak beste, neurria martxan jarri aurretik, zenbait denda hasiak ziren plastikozko poltsak kobratzen. Eta hasi berriek, oro har, harrera ona egin diote aldaketari. "Neurri positiboa da. Baliagarria baita jendea plastikoaren erabilera murriztu beharraz kontzientzia dadin. Ingurumena zaintzeko beharraz jabe gaitezke horrela. Hori bai, esan beharra dago, gaur-gaurkoz, nahiko kontzientziatua direla herritarrak", azaldu du Julen Uribetxeberriak, Oñatiko Txantxiku Elektrizitatea dendakoak.

Hori horrela, egoera berrira egokitu beharra besterik ez dute izan. Orain artean, "normaltasun osoz" dihardute. "Jendeak normaltzat hartu du aldaketa. Denda batzuk jada kobratzen hasiak zirelako izan daiteke hori. Azkenaldian, gero eta jende gehiago zetorren telazko poltsarekin", dio Arantxa Aranzabalek, Arrasateko Resusta-Karrikiriko dendariak. Eta gaineratu du asteon apenas banatu dutela plastikozko poltsarik. "Astelehenetik asteazkenera, plastikozko bi poltsa besterik ez genuen banatu. Eta jende gehiagok eroan du gure telazko poltsa", argitu du.

Debekua, 2020rako

Zehatz esanda, erakundeek Europako Batasunaren planteamenduaren baitan bultzatu dute neurri berria. Sortzen den plastiko kopurua murriztea da haren asmoa. Eta, horretan geratu barik, poltsak erabiltzeko debekua du aurreikusirik –2020. urtean jarriko luke indarrean horri dagokion neurria–. Hor, salbuespen lirateke material konpostagarriz egindakoak.

Azken finean, azkenaldian, egoerarekin "kezkatuta" azaldu da Europako Batasuna. Eta, tartean, zorro horien erabileraren inguruko datuak dakartza gogora –Europako Batzordeak egin zuen azterketa–: "Urtean, erabilera bakarreko ia 100.000 milioi plastikozko poltsa erabiltzen dira Europan; horien %7 berrerabiltzen dira soilik. Gainera, 8.000 inguruk bukatzen dute naturaguneetan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak