Lau debagoiendar Espainiako txapelketara

Mikel Zumalde 2018ko uzt. 5a, 11:10

Galizian jokatuko da asteburuan Espainiako txapelketa eta Euskadiko selekzioarekin joango dira Garazi Estebez eta Xubane Garai aretxabaletarrak. Gari Arexolaleiba aramaioarra eta Haimar Erostarbe oñatiarra ere bertan izango dira. Gogotsu eta ilusio handiarekin hartu dute erronka eta helburu ezberdinekin joan arren, guztia ematea izango da garrantzitsuena.

Txirrindularitzako Espainiako txapelketa ospatuko da aste bukaera honetan Orenseko Baños de Molgas herrian. Bertara, Gipuzkoa Ogi Berri taldeko Garazi Estebez eta Dorletako Amako Xubane Garai aretxabaletarrak izango dira ibarreko emakumezko ordezkariak. Estebez behin baino gehiagotan egon da bertan, baina Garairentzat lehenengo aldia izango da aste bukaera honetakoa. Txapelketa ostiralean hasiko da, hala ere, beraien txanda larunbat eta igandean etorriko da. Lasterketa 09:00etan hasiko da eta Estebez eta Garaik 48 kilometro izango dituzte aurretik disfrutatzeko. Molgasen hasita, Orenseko hainbat herri zeharkatuko dituzte, besteak beste, Maceda, Vixueses eta Foncuberta.

Xubane Garai disfrutatzera joango da txapelketara: "Nire asmoa disfrutatzea eta daukadan guztia ematea izango da", azaldu du. Era berean, txapelketa "garrantsitzua" dela aitortu du.

Garazi Estebez ere gogotsu doa bertara: "Gogo handiz noa, ea zer moduz moldatzen naizen. Helburua postu on bat lortzea izango da", adierazi du. Garairen esanetan, ilusio "handia" da Euskadi ordezkatzea, izan ere, zerrendan aurrean zaudela esan nahi du.

Sasoi betean

Aretxabaletako txirrindulariak sasoi onean joango dira. Denboraldia ona izaten ari da, emaitza onak lortuz. Xubane Garai ez da oraindik podiumera igo, hala ere, lehenengo bost onenen artean aurkitzen da. Iaz, kadete mailan Gipuzkoako txapelduna izan zen, banakako erlojupekoan.

Bestalde, Garazi Estebez txapeldun izandakoa da. Hainbat aldiz Espainia mailan nagusi izan da, baita ere, Euskadin taldeka. Ekainean, Bergara Hiria txapelketan txapelduna izan zen eta jubenilek baino marka hobea lortu zuen.

Gizonezkoen kategorian ere bi ordezkari

Aretxabaletako bi ziklistekin batera, gizonezkoen kategorian ere izango da Debagoieneko ordezkaririk. Infantil  mailan, errepideko kategorian Gari Arexolaleiba aramaioarrak jantziko du selekzioaren maillota, eta kadete mailan azken lasterketan aurrealdean dabilen Aloña Mendiko txirrindulari Haimar Erostarbe oñatiarra izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak