Esklerosi Anizkoitza Fundazioak, ADEMGI-ren laguntzarekin antolatutako jardunaldi solidario honen helburua gizartea sentsibilizatu eta gaixotasun neurologiko honek sortarazten dituen arazoez informatzea da. Horrez gain, ADEMGI-k 2007ko maiatzean ireki zuen Esklerosi Anizkoitza eta beste gaixotasun neurologikoen zentroan gaixoei eskaintzen dien birgaitze zerbitzua finantzatzeko dirua lortzea ere badu helburu. Gizartea sentsibilizatu eta dirua lortzeko kanpaina hau Gipuzkoako beste 15 puntutan ere burutzen da.
Parte hartzeko gonbidapena
Busti Zaitez Euskadin eta Estatu mailan dagoen Esklerosi Anizkoitzaren aldeko kanpaina indartsua da, zeinetan urtero milaka Euskal herritarrek parte hartzen duten. Antolatzaileek diotenez, joan den urtean 34.000 pertsonek hartu zuten parte Gipuzkoan, eta aurten kopuru hori gainditzea espero dute.
Arrasaten Esklerosi Anizkoitzaren alde lagundu edo kanpainan parte hartu nahi dutenak, uztailaren 8an goizeko 10:30ak eta 15:00ak bitartean Arrasateko Musakola Kiroldegira joan eta igeri egitera edo bustitzera deitu dituzte antolatzaileek. Jardunaldia igeri egindako metro guztiak zenbatuz amaituko dute bertaratutakoek. Aurten, Arrasaten 16 urtez kanpaina egiten egon diren Toki Argi Jubilatuen Elkarteak, Musakola, Uribarri eta Abaroa Jubilatuen Elkarteen laguntza izango du ekimenak.
Oñatin, aldiz, Esklerosi Anizkoitzaren alde lagundu edo kanpainan parte hartu nahi dutenak, uztailaren 8an goizeko 11:00ak eta 14:00ak bitartean Oñatiko Herriko Plazan egongo den elkartearen stand-era hurbiltzera gonbidatu dituzte antolakuntzatik, gaixotasunari buruzko informazioa jaso edo salmentan dauden “Katuki Saguyaki” produktuak egongo baitira bertan.