Urrezko bi domina ekarri ditu Alex Agirianok Espainiako 18 urtez azpiko txapelketatik. Salto hirukoitzean 14,73ko marka egin zuen, eta luzera saltoan 7,13ko marka: "Duen adinerako oso salto onak dira, eta kontutan hartzeko markak, bai estatu mailan eta baita nazioartean ere", dio Fernando Zufiriak. Hala, urrezko domina horiei esker Europako Txapelketarako txartela eskura izan dezake Agirianok –abuztuaren 8an egingo dituzte txapelketak, Hungrian–. "Urrezko bi domina lortuta Europakora joateko hautatu dezakete, ikusteko dago hori".
Txapelketa berean egon zen, baita ere, Mikel Agirre. 6,66ko marka egin zuen luzera saltoan, eta zazpigarren postuan sailkatu zen: "Emaitza ona da, baina Mikel urtebete gazteagoa da, eta kategoria horretan igarri egiten da".
Carrascalendako marka pertsonala
20 urtez azpikoen txapelketan, berriz, Arrasateko klubeko bi ordezkari izan ziren, Eneko Carrascal eta Ibai Fernandez. Carrascalek marka pertsonala egin zuen luzera saltoan (7,28), eta salto hirukoitzean 15,19ko marka egin zuen. Bada, atleta hori ere bi modalitatetan igo zen podiumera: "Eta hori ez da batere erraza".
Eta, txapelketan egon zen, baita ere, Ibai Fernandez. Astebete lehenago arrasatearrak oso sentsazio onak izan zituen, eta marka pertsonala ezarri zuen 100 metrotan, baina, Espainiako txapelketan ez zuen zorterik izan. 11.01eko marka onenarekin ezin izan zen finalera sailkatu.