Legealdi erdia baino gehiago eginda, 2019ko udal eta foru hauteskundeetara begira jarriak dira alderdiak. Eta zenbaitek jada iragarriak dituzte euren hautagaien izenak. Dena den, oraindik ez dago lurralde osorako behin betiko zerrendak eginak dituen alderdirik. Besteak beste, Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko hautagaiak aurkeztu dituzte EAJk eta EH Bilduk. Eta koalizioa eraikitzen dihardute beste zenbaitek.
Gauzak horrela, EAJk pasa den zapatuan jakinarazi zituen zenbait hautagairen izenak, Kursaalean egindako ekitaldian. Hain zuzen ere, Markel Olano aukeratu dute diputatu nagusigai –gaur egun, hura dago karguan–.
Bestetik, udal hauteskundeei begirakorik ere aurkeztu dute. Tartean, alkatetza errepikatzen saiatuko lirateke zenbait hautagai. Horien artean dira Maria Ubarretxena –Arrasate–, Elena Lete –Bergara–, Unai Elkoro – Aretxabaleta– eta Jose Ramon Zubizarreta –Eskoriatza–. Ibarreko gainerako herrietako ordezkariek, ostera, azaldu dute aukeratu barik dituztela: "Zabalik dugu prozesua. Baina oraindik ez dago ezer zehazturik. Hauteskundeak gerturatu ahala joango gara hautagaiak zehazten –eta jakinarazten–".
EH Bilduk, prozesua abian
Bestetik, EH Bildu koalizioak ere zabaldua du udal eta foru hauteskundeetara begirako prozesua. Tartean, jakinarazia dute zein izango den Gipuzkoako Foru Aldundirako zerrendaburua: Juan Karlos Izagirre –Donostiako alkate izan zen 2011 eta 2015 urte bitartean–. Eta, gainerakoan, alkategaiak hautatzeko herriz herriko prozesua dute martxan jarria: "Herritarrek erabakiko dute nor izango den euren herriko alkategaia. Horretarako, fasez faseko hautaketa prozesua dugu martxan jarria: aurrelanketaren ostean –diagnostiko fasea eta alor ezberdinetan banatutako ekintza plana– dator alkategaia aukeratzeko prozesua".
Aurreikuspenen arabera, EH Bilduk abendu eta urtarril bitarterako lituzke herrietako hautagaiak zehazturik. Hori bai, posible litzateke zenbait herritan lehenagorako zehaztea, "herrietako lantaldeek hala erabaki badute, betiere".
Koaliziorako ahaleginean
Eta, esan moduan, koalizio eraikitzen diharduenik ere bada. Zehatz esanda, Ahal Dugu, Ezker Batua eta Equo alderdietako zuzendaritzek ekain hasieran adostu zuten 2019ko hauteskundeetan elkarrekin aurkeztea, koalizioa eratuz. Beraz, hori "aintzat hartuta" dihardute ibarreko kideek: "Horretarako ahaleginak egingo ditugu. Dena den, ez da halabeharrezko baldintza. Herri guztietako egoera ez da berdina". Hori horrela, zehaztu barik dituzte zerrendaburuen izenak –aurreikuspenen arabera, urtarrilerako aukeratuak leudeke horiek–.