Altsasuko gazteei elkartasuna adierazi guran, manifestazio jendetsua egin zuten zapatuan Iruñean –Altsasuko Gurasoak taldearen esanetan, 80.000 izan ziren hitzorduarekin bat egin zuten pertsonak–. Eta, beraz, auzipetutako gazteen ingurukoak "eskertuta" azaldu dira jasotako babesarekin. "Izugarria izan zen hainbeste jende ikustea. Hunkigarria. Deialdia egin genuenean, ez genuen halako harrerarik espero. Aurreko manifestazioko kopurura iristea genuen helburu –50.000 pertsona–", aitortu du Alaitz Ramirez de Aldak, Adur Ramirez de Aldaren anaiak.
Era berean, haren esanetan, halako protestak indar iturri dira kartzelan dauden gazteendako: "Hurrengo egunean izan genuen bisita. Egunkariko azala ikusi zuen Adurrek. Eta aurpegia aldatu zitzaion. Adur –eta gainerakoak– indartzen dute halako ekimenek".
Orain, errekurtsoa dute aurkezturik. Eta epailearen ebazpenaren zain dira, "aldaketa askorik" espero ez duten arren. Hala balitz, Auzitegi Gorenera joko lukete ostean, "zerbait aldatzeko esperantzaz".
Bitartean, aurrera begira dihardute, kasuaren "bidegabekeriaz" jakitun. "Gazteen kontrako erasoa da. Ohi moduan, ausaz hartu dituzte zenbait gazte. Ez da bidezkoa. Beraz, kontra egiten jarraituko dugu geuk".
Ibarrean, "pozik"
Bultzatzaileak "pozik" dira hitzorduak izandako harrerarekin. Orotara, 23 autobus joan ziren Iruñera: bi autobus, Aretxabaleta eta Eskoriatzatik; sei, Arrasatetik; zortzi, Bergaratik; lau, Oñatitik; bi, Antzuolatik; eta bat, Elgetatik.