Azken urteetan moduan, Saharako hainbat haurrek Debagoienean igaroko dute udaldia; aurreikuspenen arabera, astelehenean helduko dira ibarrera, eta abuztu bukaerara arte egongo dira bertan. Hain justu, Sagiri elkarteak duela urtebete heldu zion erronka berriari: Saharako hamar haur ekartzeko egonaldia antolatu gura zuten aterpetxe batean. Eta Udalaitz ingurumen eskola aukeratu dute horretarako.
Besteak beste, Oporrak bakean egitasmoaren "beherakada" ikusita hartu zuten erabakia –neska-mutikoek harrera familien etxeetan igarotzen zuten egonaldia–. Beraz, programa horrendako "bultzada" litzateke aurtengo ekinbidea, "datorren urtean familia gehiago anima daitezen".
"Haur bakoitza harrera familia batera joatea litzateke egokiena. Baina kopuruak behera egin du azken urteetan; gaurgaurkoz, ez dago behar beste familiarik. Beraz, familia handi bat sortzea erabaki dugu. Finean, aldi batez bada ere, ahalik eta ume gehienei eskaini behar diegu Saharako kanpamentuetatik irteteko aukera", azaldu du Marta Sanchezek, Sagiriko kideak.
Diru eta material bilketa
Hain zuzen ere, material eta diru bilketa kanpaina dute martxan jarria. "Udal batzuek ez digute finantzazioan lagundu. Oraindik bada ordaindu bako hegaldirik", aitortu du Sanchezek. Hala, gura duenak ES60 3035 0040 11 0400022569 kontu zenbakian egin dezake ekarpen ekonomikoa.
Gainera, haurren egonaldirako beharrezko duten materiala batzen dihardute –komuneko papera, garbigailurako xaboia, eta abar–. Zerrajerako –Arrasate–, Leizeagako –Bergara– eta Antzuolako Eroski dendetan dago horretarako aukera, bihar arte.