Youtuber munduan murgildu da Arizmendi Ikastolako ikasle talde bat

Itziar Larrañaga Sarasola 2018ko eka. 21a, 12:29

Gazteentzako euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizpena sustatzeko Hi Gazte! lehiaketa abiaraziko du Foru Aldundiak, Goiena Komunikazio Taldearen gidaritzapean. Azaroan ekimena martxan jarri aurretik, Arizmendi Ikastolako DBHko 3. eta 4. mailako 45 ikaslek proba pilotuan hartu dute parte.

Euskarazko ikus-entzunezkoak Youtuben

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Etorkizuna Eraikiz-en baitan, gazteek euskarazko ikus-entzunezkoak sortzeko, euskarazko youtuber komunitatea eratzeko eta euskarazko edukiak kontsumitzeko helburuarekin bultzatu du Hi Gazte! lehiaketa. "Ia ez da gazteentzako sare sozialetarako edukirik ekoizten euskaraz, eta hutsune horri erantzuteko abiarazi nahi izan dugu esperimentazio dinamika hau", azaldu du Imanol Lasa foru bozeramaileak.

Horretarako, azaroan Hi Gazte! lehiaketa abiatuko da Gipuzkoako gazteen artean, eta otsailera bitartean hilero bideo bat igo beharko dute Youtuben: "Gazteak bideogintzan trebatzeaz gain, haientzat erakargarriak diren edukiak zintzilikatuko dituzte sarean eta, asmoa erronka hilero errepikatzea denez, behin eta berriz elikatuko da Youtube euskarazko edukiez". 2019ko martxoan izango da sari banaketa, eta horiek jaso ahal izateko, nahitaezkoa izango da bideoak Youtubera hilero igotzea.

Proba pilotua Arizmendi Ikastolako ikasleekin

Ikasturte amaierako egunetan jardun du Arizmendi Ikastolako ikasle talde batek bideogintzan murgilduta. Ekainaren 11an formakuntza teorikoa jasoko zuten Donostian, Kepa Errasti gidoigile eta aktorearen, eta Iban Garcia youtuberraren eskutik.

Formakuntza jaso ostean, teoria praktikara eramatea proposatu zitzaien 15-16 urte arteko ikasleei, Hi Gazte! lehiaketan parte hartuz. Horretarako, talde txikietan bi bideo ekoiztea eskatu zitzaien. Lehenengoa, Youtuben asko erabiltzen den challenge formatuan egitea eskatu zitzaien, Elkar ezagutzen dugu? gaia oinarrian hartuta. Bigarren bideoan aldiz, etorkizunera begira jarri ziren gazteak, teknologia berri ezberdinak aztertuz.

Prozesu guztia beraien kabuz egin dute gazteek; ideia garatu, oinarrizko gidoia prestatu, grabazioa, bideo-edizioa, promozioa Instagramen eta Youtubera bideoak igo. Ikastolan eta denbora librean landu dituzte bideook irakasleen laguntzarekin, eta Iban Garciaren bisita ere izan zuten.

Guztira 17 euskarazko ikus-entzunezko partekatu dituzte Youtubeko kanal ezberdinetan. Lan bikaina egin dute gazteek eta asko ikasi dute.

Sari banaketa

Ekainaren 20an egin zen sari banaketa ekitaldia. Lehenik Joseba Usabiaga aktorearekin Handia filmari buruzko solasaldia izan zuten gazteek. Ostean lau talde saritu ziren, arlo ezberdinetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak