Erakundetako ordezkariak, Bingen Zupiria sailburua eta Garbiñe Mendizabal Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria, esaterako; hainbat alderditako kideak, euskalgintzako lagunak, bidelagun direnak eta beste hainbat elkartu ziren atzo, Berria zoriontzeko.
Beatriz Zabalondoren eta Martxelo Otamendiren arteko solasaldiarekin hasi zuten ospakizuna, eta Otamendik orain arte egindakoak eta izandako zailtasunak azpimarratu zituen. Urtez urte "egokitzeko egindako ahalegina" ere nabarmendu zuen zuzendari denak. Era berean, aldaketa garaia dela jarri zuen mahai gainean, eta digitalizazioa erronka handia izanik "ezinegona" ekarri duela aipatu. Hala ere, euskarazko komunikabideak ez daudela geldi eta pausoak ematen dabiltzala esan zuen. Ildo beretik, Zabalondok, Berria Taldeko lehendakariak, adierazi zuen euskarazko hedabideak zein kultur sistema osoa indartzeko beharra dagoela.
Hainbat langilek eta kolaboratzailek ere hartu zuten parte ekitaldian, besteak beste, Maialen Berasategi zuzentzaileak, Mikel P. Ansa kazetariak, eta Xabi Paya eta Idurre Eskisabel zutabegileek.
Goienaren partetik: "Zorionak!"
Goienak ere zoriondu gura du egunkaria, hamabosgarren urteurren honetan: "Zorionak, Berria! Eta segi lanean, orain arte lez".