Arrasate-Arlutzeko gazteak azpitxapeldun Gaztedi torneoan

Xabier Urtzelai 2018ko eka. 20a, 17:08

Joan den asteburuan jokatu zituzten Azkoitian Gaztedi Xake Txapelketako finalak, eta 16 urtetik azpikoen eta 12 urtetik azpikoen finaletan Arrasate-Arlutzek hiru talde izan zituen. Nagusiak azpitxapeldun izan ziren, finala Grosen kontra galdu eta gero. 

Nagusien (16 urtera artekoak) kategorian Gipuzkoa osoko zortzi talde zeuden sailkatuta eta Arrasate-Arlutz finalera heldu zen. Bada, txapelketa borobila egin ondoren Gros Xake Taldearen kontra jokatu zuten finala, eta galdu egin zuten, eta txapeldunorde izan ziren. Txikien kategorian Gipuzkoa osoko hamasei talde zeuden sailkatuta. Arrasate-Arlutz A taldea bosgarrena izan zen eta Arrasate-Arlutz B taldea, berriz, hamahirugarrena.

 
Haizea Tornay seigarren Euskal Herriko emakumezkoen Txapelketan
 
Bestalde, joan den asteburuan Gasteizen jokatu zuten Emakumezkoen Euskal Herriko Txapelketa, eta Arrasate-Arlutzek ordezkari bat izan zuen, Haizea Tornay. Guztira 10 jokalari zeuden sailkatuta: lau Arabatik, hiru Bizkaiatik, bi Gipuzkoatik eta bat Nafarroatik. Hala, Tornay Gipuzkoako txapeldun moduan lehiatu zen.
 
Zapatuan hiru txanda jokatu zituzten eta Tornay oso ondo hasi zen. Lehen partida galdu zuen, baina hurrengoko bi partidak ondo irabazi zituen, hauetako bat Gisela Gabiria Bizkaiko txapeldunaren kontra. Domekako bi txandetarako zeuden bi partidak askoz zailagoak izan ziren eta biak galdu zituen, azken txandan Eihartze Buiza faborito nagusiaren kontra. "Bost partidetatik 2 puntu batuta Haizea Tornay seigarrena izan zen, emaitza ona da daukan rankingerako, eta horrelako torneo baten bere lehen parte-hartzea izanda", adierazi dute klubetik.
 
Euskal Herriko txapelduna, partida guztiak irabazita, Eihartze Buiza bizkaitarra izan zen eta txapeldunordea, lau punturekin, Haizea Salvatierra nafarra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak