Mediterraneoko Jokoetan izango da Maialen Axpe

Xabier Urtzelai 2018ko eka. 22a, 10:46

Aspaldiko atletismo denboraldi borobilena egiten dabil Maialen Axpe (Arrasate, 1993). Pista estalian 4,40 marka ikusgarria lortu zuen, eta hasiera batean Europako Txapelketara joateko gutxieneko marka lortu zuela uste izan bazuen ere, ondoren baieztatu zioten Berlinera joateko marka 4,45ekoa zela. Bada, orain iritsi zaio saria, Mediterraneoko Jokoetan egongo da-eta Espainiako selekzioarekin.

Berlinerako txartela lortzeko lanean jarraitu beharko zuela jakinda, eta amore eman barik, kolpe horretatik lehenbailehen  errekuperatu zen Atletico San Sebastian taldeko atleta, eta orain, aire librean iritsi zaio saria: Maialen Axpek Espainiako selekzio absolutuarekin egingo du debuta ekainaren 27tik 30era Tarragonan egingo dituzten Mediterraneoko Jokoetan. Txapelketa horretarako aukeraketa COEko eskakizunen arabera egiten dute, eta Arrasatekoak bere alde izan du maiatza hasieran Iruñean –han bizi eta entrenatzen da– egindako marka ona (4,25). Bada, ondoren beste atleta batzuek marka hori ondu dute –esaterako, Malen Ruiz de Azuak 4,35 egin du asteburuan Valladoliden, baita Monica Clementek ere–, baina atleta horiendako berandu iritsi dira marka on horiek eta ez dira Tarragonan izango.

Hala, lehenengo aldia izango da Debagoieneko atleta batek maila absolutuan Mediterraneoko Jokoetan parte hartzen duena.

Malen Ruiz de Azua, Valladoliden onena, eta urteko marka onena eginda

Joan den astean Valladoliden jokatutako txapelketa erabakigarria izan zen Espainiako maila gorenean kategoriari eusteko, eta bertan egindako txapelketa borobilari esker Super Amara Bidasoa taldeak Ohorezko Mailan jarraituko du. Lorpen horretan parte-hartze nabarmena izan zuen Malen Ruiz de Azuak –talde horretako kidea da–, pertika saltoan onena izan zen-eta.  

Txapelketan lehia polita izan zuen Monica Clementerekin. Arrasatekoak akats bakarra egin barik 4,20ko marka gainditu zuen, eta 4,35eko marka egin ahal izan zuen hirugarren saiakeran –marka pertsonala–. Clementek ere marka hori lortu zuen, baina lehenago baliogabeko hainbat salto egin zituenez arrasatearrarendako izan zen garaipena. Gainera, txapelketako atleta onenaren MVA Iberdrola saria eman zioten Ruiz de Azuari.

Lau atleta Espainiako txapelketara

Joan den astean Arrasateko atletak batean eta bestean ibili ziren txapelketan. Salamancan Ibai Fernandez nabarmendu zen, 100 metrotan 10.77ko denbora egin zuen –marka pertsonala ondu zuen, eta Arrasateko inoizko marka onena da–. Txapelketa berean izan zen Eneko Carrascal zazpi metrotara gerturatu zen luzera saltoan (6,96) eta hura ere Murtzian izango da asteburuan. Bada, bi atleta horiek 20 urtez azpiko Espainiako Txapelketan izango dira, Murtzian.

Carrascal eta Fernandez 20 urtez azpiko Espainiako Txapelketan izango dira asteburuan, Murtzian.

Eta Espainiako Txapelketan lehiatzeko gutxieneko marka dute, baina 18 urtez azpikoen mailan, Mikel Agirrek eta Alex Agirianok. Agirrek 6,73 egin zuen Anoetan luzera saltoan. Gijonen egingo dute txapelketa.

Agirre eta Agiriano Gijonen lehiatuko dira asteburuan, 18 urtez azpikoen Espainiako Txapelketan.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak