Euskal Ligako ametsak ez du jarraituko martxan, oraingoz, Leintz bailaran. Leintz Arizmendik ez du maila horretan jokatuko hainbat arrazoi direla medio. Arizmendi kirol elkarteko kide den Urtzi Amianok arrazoi horiek azaldu ditu: "Urtea luze egin zaie neskei, eta orokorrean bailarako maila ona den arren, taldekide guztiek ez dute maila bera. Batzuek futbola utzi dute, eta ondorioz, ez zegoen Euskal Ligan lehiatzeko maila".
Erabakia guztien artean hartu da, hau da, jokalarien eta klubaren artean. Amianoren ustetan, pauso bat atzera ematea da gero hiru aurrera emateko.
Horrela, infantilak, kadeteak eta ohorezko mailako taldeak egongo dira. Guztira 70 emakume inguru izango dira Arizmendi kirol elkartean.
Etorkizunera begira
Proiektuak ez du etenik sufrituko. 2018-2019 denboraldiari dagokionez, Aloña Mendi eta Bergara taldeekin hitz egingo da. Helburu nagusia, Debagoienean futbola gustoko duten emakume bakoitzak dagokion mailan jokatzea da. Era berean, erronka nagusia, "bost herriak batzea izango da", Goierriko eskualdean duten eredua hartuz.