Aurtengo edizioa antolatzeko ardura Arrasateko Pilota Elkarteak izan du; horrenbestez, Uarkapen jokatuko dituzte finalak, bihar, zapatua. Hala, kadete mailan Aretxabaletako Amets Erañak eta Unax Igartuak Aloña Mendiko Mikel Ugarte eta Xabier Jauregi izango dituzte aurrean. Gazte mailan ere Aloña Mendik ordezkaritza izango du, Ibon Perezek eta Iñigo Perezek osatutako bikoteak Bergarako Ander Etxaniz eta Markel Gartzia izango dituzte-eta kontrario.
Eta senior mailan, azkenik, Soraluze eta Bergara izango dira zein baino zein gehiago. Soraluzeren aldetik, Aitor Atxotegik Ibai Bolinagarekin osatuko du bikotea eta Bergarako taldeko ordezkariak, berriz, Eneko Muguruza eta Harri Otermin izango dira.
Babesleei eskerrak
Txapelketako partidu nagusiak izango dira biharkoak, eta antolatzaileek babesleak izan dituzte gogoan. "Arrasateko Udalaren laguntza izan dugu, eta Soraluce enpresari, Jakioni eta Eguren arrandegiari eskerrak eman gura dizkiegu", adierazi du Lurdes Diazek.
70 urte dituen txapelketa
1948an jokatu zuten lehenengoz Debarroko Txapelketa, Aretxabaletan –lehenengo urteetan Eskoriatzak, Aretxabaletak eta Arrasatek antolatzen zuten, txandaka– eta izena ematen zuten pilotariek garbantzu platerkada izaten zuten El Burgales jatetxean. 1948ko torneoa Arrasateko Garitanok eta Uribarrenek irabazi zuten; finalean Aretxabaletako Elortondo eta Ezpeleta izan zituzten aurrean. 1980a ezkero, kategoria txikiek ere jokatzen dute.
Sanjuanetako finalak, gaur
Bestalde, Arrasateko klubeko pilotariek gaur, egubakoitza, jokatuko dituzte sanjuanetako finalak. Guztira, harrobiko 60 gaztetxok hartu dute esku herriko torneoan, eta prebenjamin, benjamin, alebin eta infantil mailetako finalak jokatuko dituzte, 19:00etan hasita.