Euskaldun Txapelketarako puntuagarria izango da bihar, egubakoitza (18:30), Bergaran egingo duten emakumezkoen erlojuaren kontrako lasterketa. San Martzialgo Igoeraren bigarren edizioa izango da, eta tropeleko igotzaile onenek dagoeneko badakite zer izango duten zain: bost minutu pasatxoko muturreko sufrimendua, halakoak izaten dira-eta erlojupeko motzak. Hain zuzen ere, denbora hori da iaz elite mailako lehenengo sailkatuek 1.600 metro dituen igoera gogorra egiteko erabili zutena –Eider Merino irabazleak 5.20an geratu zuen erlojua–, baina gazte eta kadete mailetakoek minutu bat gehiago behar izan zuten –6.01 Sara Martinek eta 6.23 Amaia Lartitegik–. San Martzialgo igoerak batez beste ia %12ko malda du, eta tarte batzuetan %25era iristen da.
Deialdia herrian bizikleta buelta bat emateko
Hala, biharko lasterketara begira motorrak berotzen joateko, Lokatzako ordezkariek deialdia egin diete herritarrei: "Herritarrei dei egiten diegu neskak animatzera joan daitezen eta horretarako Lokatzako laguntzaile diren emakume talde batek 17:30ean bizikleta martxa antolatuko du herritik zehar lasterketaren irteera puntura joateko". Izan ere, herrigunetik, oinez, 10-15 minututan kirol ikuskizun ederraz gozatu ahal izango dute herritarrek.
Iazko onenak:
Kadete mailan
1- Amaia Lartitegi 6.23.
2- Garazi Estevez +1 seg
3- Nahia Eraña +40 seg
Gazte mailan
1- Sara Martin6.01
2- Maialen Aramendia +34 seg
3- Arantxa Garikano +1 min
Elite mailan
1- Eider Merino 5.20
2- Lourdes Oiarbide +13 seg
3- Alba Teruel +25 seg
Gipuzkoako Txapelketa, kadete mailan
Lokatza Ziklismo Eskolakoek dobletea egingo dute asteburuan: egubakoitzeko kronoigoerarekin batera, domekarako kadete mailako bakarkako Gipuzkoako Erlojupekoa antolatuko dute. Zirkuitua herri barruan egongo da, eta sei kilometro izango ditu –17:00etan hasita–. Guztira, 80 ziklista batuko dira irteera puntuan.