Poza da nagusi Lehen Hezkuntzako 5 eta 6. mailako gaztetxo horien artean. Ez da gutxiagorako. Final handia irabazi zuten, penaltietan 3 eta 2 irabazi ondoren talde donostiarrari.
Oso partida berdintsua izan zen eta hiruko berdinketarekin iritsi ziren bukaerara. Penaltietan erabaki zen garailea. Xabier Antxia atezainak penalti erabakigarria gelditu zuen, eta ondorioz, txapelketako garaileak izan ziren.
Urrian hasi eta maiatza arte LEKeko beste neska-mutilekin batera multikirolean jardun dute, besteak beste, errugbia, eskubaloia, futbola, eskupilota, saskibaloia eta atletismoa ezagutu dituzte. Zortziko futbolean lehen postua eskuratu zuten, eta hain zuzen horregatik Gipuzkoako beste ikastola batzuen aurka jokatzeko aukera izan dute gaztetxoek.
Oztopo handiak gailenduz
Bidea ez da batere erraza izan Arizmendi ikastolako taldearentzat, izan ere, hainbat kanporaketa pasa dituzte finalera iristeko. Horrela, martxoaren 24an Oñatiko Elkar Hezi taldea hartu zuten mendean. Garaipena lortu eta gero Aita Larramendi ikastola izan zen arerioa final-laurdenetan. Final-aurrekoetan Urdaneta taldea izan zen kontrarioa, eta 3 eta 0ko emaitzarekin finalera iritsi ziren.