Tontorrez tontor joango da X. Mendi Martxa

Murrukixo mendizale elkarteak bi urtean behin antolatzen duen mendi martxak Puntaik Punta Debagoieneko bidezidorren jaialdia-rekin egin du bat aurten, eta haren egitarauan sartu. Ekainaren 17an izango da, domeka, eta izena emateko epea dagoeneko zabalik dago.

Hona izena emateko bideak: murrukixo@outlook.com, 943 79 93 74 eta Murrukixoko lokalean –martitzenean, 19:00-19:30–; eta puntaikpunta@debagoiena.eus. Egunean bertan ere eman ahal izango da, Herriko Plazan, 07:00etan, abiatu aurretik. Prezioa da: 10 euro.

Puntaik punta leloarekin guztiz bat egingo du aurtengo martxak; izan ere, zortzi tontorretatik, hau da, zortzi postontzitatik pasatuko den ibilaldia gertatu dugu", jakinarazi du Murrukixoko presidente Iñaki San Migelek. Tontor horiek honako hauek dira: Kurtzebarri, Aranguren Txiki, Aranguren, Arlutz, Atai, Aizkorri-Zaraia, Bizkarlatza eta Pago Bedeinkatua. Guztira, 25 kilometro ditu ibilbideak, eta bi anoa-postu gertatuko dituzte jatekoarekin eta edatekoarekin: lehenengoa Kargalekun egongo da –7,5. kilometroan– eta bigarrena Leixargaraten –15. kilometroan–.

"Hamargarren hau ezberdina da. Hainbat parajetatik pasatuko gara: zelaiak, basoak, bide ezezagunak… Takarradan egin beharrean oinez egiteko gomendatuko nuke, mendizaleek gehiago disfrutatuko dutelako, eta, era berean, bide berriak ikasi. Hala, hurrengoan ere berriro erabiltzeko", dio San Migelek, eta gaineratu du: "Izan ere, gure helburua ez da inolako errekorrik egitea. Mendian ibiltzeko ohitura duen edonorendako martxa aproposa da, zazpi ordutan erraz buka daitekeena". Dena den, jakinarazi du ibilbidearen hainbat tokitatik jaitsi ahal izango dela herrira, guztia bukatu behar izanik barik.

Beste ibilaldi batzuk

Puntaik Punta egitarauan beste batzuk ere badaude.

Ekainak 15

  • Larrino eta Urkulura.
  • Arrasatetik Murugainera (ingelesez).

Ekainak 16

  • Degurixara.
  • Uretsen bidea (SL-Gi 37); irteera familian.
  • Nordic walking-a Urkulun.
  • Elgeta inguruan bira: Azkonabitza, Karabieta…
  • Gatz bidea, Leintz lotzen.

Ekainak 17

  • Apotzaga eta Galartzara.
  • Aitzulo aldera, Debagoieneko leihoa.
  • Arrasatetik Murugainera.
  • Intxortako ibilbide gidatua

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.