Hamarkada bat igaro da ibarreko lehen etxeko ospitalizaziotik hona

Iker Oñate 2018ko eka. 8a, 11:14

Debagoieneko Ospitalekoek 2008ko ekainaren 2an jarri zuten martxan etxeko ospitalizazioaren zerbitzua.

Hamar urte igaro dira Debagoieneko Ospitalekoek etxeko ospitalizazioa eskaintzeko erabaki hartu zutenetik hona. Eta akorduan dituzte hastapenak. "Formakuntza saioak izan genituen 2008ko martxotik maiatzera bitartean. Zerbitzu berria antolatzeari ekin genion ostean –antolakuntza, ibilbideen banaketa...–", diote ospitaleko ordezkariek. Hori eginda, 2008ko ekainaren 2an ekin zioten zerbitzua eskaintzeari: "Sei paziente genituen, hiru mediku, bost erizain, laguntzaile bat eta hiru auto".

Eta, sortze egunetik bilakatuz joan den arren, diote bere horretan dirautela helburuek: "Pazienteak ospitalean jasoko zuenaren pareko arreta zerbitzua eskaintzeko ahaleginean dihardugu, bere erosotasunari mesede eginez, eta, ahal dela, ospitaleratze behargabeak saihestuz".

Hain zuzen ere, gaur-gaurkoz, bost alorretara bideratzen dute euren zerbitzua: prozesu mediku kroniko eta akutuak, prozedura kirurgikoak, zain barneko tratamenduak, nutrizio artifizialak eta zaintza aringarriak. Gauzak horrela, asko dira hamarkadako historian izan dituzten pazienteak. "6.500 sarrera gauzatu dira, 63.500 egonaldirekin. Eguneko 30 paziente da batez bestekoa", azaldu dute.

Pazienteekiko enpatia

Etxeko ospitalizazioaren bueltan diharduten langileen esanetan, pazienteekiko enpatia maila handitzea ahalbidetzen du zerbitzuak: "Profesionalak izan arren, pazientea zeu izan zaitezkeen pentsamendua datorkizu burura. Bere lurraldean zaude, bere familiarekin. Zerbitzua aberasgarria da senideendako, haren zaintzan esku hartzen dutelako"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak