Bihar, zapatua, egingo dute Gabez Takarraran mendi lasterketa, Eskoriatzan. 23:00etan hasiko dute proba –oinez egingo dutenak 21:00etan abiatuko dira–, eta aste barruan 50 lagunek emana zuten izena. Bada, horrelakoetan parte hartzeko askok azken ordura arte itxaroten dutenez, antolatzaileek azken bultzada eman gura izan diete: "Azken unean izena ematen duten asko egoten dira, eta oraingoan ere hala nahiko genuke. Ez bada horrela, ibilbideko txoko ezberdinetan lasterketa ikustera gerturatzeko gonbidapena egin nahi dugu", adierazi du Gartxot Zubizarretak, Gabez Takarraran lasterketako antolaketa kideak.
Inoiz baino seguruago
Beste berrikuntzetako bat da parte-hartzaileek GPS bidezko lokalizazioko sistema eramango dutela. Gailu txiki bat emango zaie atletei, eta txiparen ordez, denborak ere horrela jasoko dituzte. "Lasterketa gauez da, eta horrek errespetua ematen dio jendeari. Bada, uneoro jakingo dugu non dauden atletak".
Oinezkoen martxak, harrera ona
Aurtengo nobedadeetako bat da martxa oinez egiteko aukera egongo dela, eta oraingoz, korrikako modalitatea baino harrera hobea izaten dabil. Izenematea begiratuta (kirolprobak.com) aste barruan dagoeneko 80 lagunek emana zuten izena. Horiek 21:00etan hasiko dute ibilbidea eta gaueko parajeez patxada handiagoz gozatu ahal izango dute.