Arrasateko Aita Menni ospitaleak mediku zuzendari berria du, Maika Palacios granadarra (Guadix, 1974). Medikuntzan eta Kirurgian lizentziaduna da, Lan Medikuntza espezialitatean aditua eta Osasun Zuzendaritzan masterra du. Palaciosek, gainera, hamabost urteko eskarmentua du kudeaketan eta zuzendaritzan, eta 2016az geroztik Santurtziko San Juan de Dios ospitaleko gerentea izan da.
Palaciosek eskerrak eman dizkie Ahizpa Ospitalarioei berarengan jarritako konfiantzagatik: "Izan ere, ohorea da erakunde honetan lan egitea". Eta "erronka polita" dela Aita Mennin hasiko duen ibilbide berria nabarmendu du.
Era berean, Aita Mennik dituen balioak azpimarratu ditu: "Abegitsu izatean oinarritua eta pazientea erdigunean egonda. Pazientea da ardatza, baita haren familia eta ingurua ere. Garrantzitsuena gaixotasuna da eta hori inguratzen duten osagai guztiak".