Leintz Gatzagako mendi bizikleta martxa da bailarako beteranoetako bat. Orain artean, baina, irailean egin izan dute kirol hitzordua, eta aurtengoa ekaineko lehenengo asteburuan antolatu dute. Hainbat aldaketa egitearen aldeko apustua egin dute aurtengoan antolatzaileek, eta lehenengo edizioa emankorra izan da: "Mendi bizikleta martxak asko aldatu dira, baita bizikletak eurak ere. Lehen kilometro asko sartzen genituen mendiko pistetatik, eta orain jendeak beste zerbait gura du, bidetxur gehiagotan ibiltzea, basoan sartzea... Eta, Gatzagan ditugun parajeak aprobetxatu ditugu horretarako".
Hala, atzo, zapatua, 91 lagunek gozatu ahal izan zuten proposamen berriaz: "Aldapa gorak pistatik sartu ditugu, baina ondoren zirkuituak bazituen lau jaitsiera luze bidetxurretatik egitekoak. Hor, astean botatako euri guztiak eragina izan du, eta azken parte-hartzaileek lokatzara handia aurkitu dute. Baina, eguraldiak ere errespetatu egin gaitu, horrenbestez, gustura geratu gara".