Zegoen hutsunea beteko dute gaur

Xabier Urtzelai 2018ko eka. 2a, 10:53
Amaia Bernal eta Marisol Ramos, aste barruan, korrika egiten.

Gaur, zapatua, Oñatiko 10 Kilometroak lasterketak Euskal Herriko atleta onentsuenak batuko ditu. Aurten, azken lau edizioetako hutsunearen ostean, emakumezkoak ere batuko dira kirol ikuskizunera. 18:00etan hasiko dira azken horiek, eta 19:00etan gizonezkoak. 

 Gaur, zapatua, Antxintxiketan taldeko lagunek Euskal Herriko korrikalari onenak batuko dituzte Oñatin –18:00etan, emakumezkoak; 19:00etan, gizonezkoak–. Eta, hain zuzen, hor dago nobedadea, emakumezkoak ere kirol ikuskizunera batu direla: "Iaz gai honek zeresana eman zuen, eta ahalegin berezia egin dugu emakumezkoen lasterketa ere antolatzeko", adierazi du Asier Osinagak.

Arrazoi ekonomikoak tartean 

"Antxintxiketan kirol elkarteak beti egin du berdintasunaren alde. Baina azken urteotan ekonomikoki taldeari ezinezkoa egin zaio bi lasterketa antolatzea –korrikalariei diru kopuru bat ematen zaie Oñatira etortzeko–. Ganoraz lasterketa bakarra antolatzeko aukera geneukan, eta bai, gizonezkoen lasterketaren aldeko hautua egin izan dugu; besteak beste, emakumezkoekin alderatuta, gizonezkoen presentzia 10.000 metrotan handiagoa delako, eta, ondorioz, antzerako erritmoak dituzten korrikalariak bilatzea errazagoa delako. Halere, urte hauetan ez gara geldi egon. Hango eta hemengo ateak jo ditugu eta Udalaren aparteko ahaleginak eta herriko hainbat komertzio eta enpresaren laguntzak ahalbideratuko du, hein handi batean, zapatuan bi lasterketak egin ahal izatea".

Iratxe Aranburu izan zen 2006ko irabazlea, erretratua podiumean.

Puntako parte-hartzea 

Bada, Antxintxiketanekoak oso pozik daude irteera puntuan batuko dituzten atletekin: "Euskal Herriko hamar kilometroko distantzian punta-puntan dabiltzan atletak biltzen saiatu gara. Aurten benetan izan da zaila atleten kontratazioa; izan ere, pistako denboraldian murgilduta daude. Bada, lasterketa aurretik atletak banan-banan aurkeztuko ditugu plazan, eta ondoren hasiko dugu kirol ikuskizuna".

Mari Sol Ramos: "Polita izango da herrian korrika egitea"

Maratoi erdian beterano mailako Munduko Txapeldun da Mari Sol Ramos (Oñati, 1959), eta duela hamabost egun Europako Txapelketa irabazi zuen master 55 kategorian. Zapatuan askoz atleta gazteagoak izango ditu ondoan; etxean, gainera.

  • Zer moduz? Oso ondo, dagoeneko urduri nago zapatuko lasterketara begira. Antolatzaileek detaile oso polita izan dute ni lasterketara gonbidatzen, eta eskertu egiten diet keinu hori, baina ardura apur bat ere badaukat, atleta gazte horien aurrean zein maila emango dudan...
  • Zer-nolako lasterketa espero duzu? Gozatu baino gehiago, sufritu egingo dugu [Barre], baina gure maila ematen saiatuko gara. Sasoi puntuan nago, baina nik ez dut gorabehera handirik izaten, ez naiz-eta geratzen.

Amaia Bernal: "Aukera honi ezin nion ezetzik esan"

Amaia Bernal (Oñati, 1984) lasterketa antolatzen duen Antxintxiketan taldeko kidea da, eta taldekideek egindako proposamena onartu egin du, zalantza handiak izan eta gero.

  • Irteera puntuan izango zaitugu, azkenean. Bai, animatu egin naiz, nahiz eta herritarren aurrean korrika egiterakoan oso urduri jartzen naizen. Garbi daukat ez daukadala ezer galtzeko, eta esperientzia oso polita izango dela, damutu egingo nintzateke bestela.
  • Atleta azkarrak izango dituzu ondoan. Asier Osinagari esan nion ondoan izango nituen atleta guztiek kilometroa 3.30era egiten bazuten ez nintzela animatuko, ni 3.50en bueltan ibiltzen naiz eta. Baina taldetxo bat batuko gara maila antzerako samarra dugunok, atzealdean joango gara [Barre], baina hor eustea espero dut.

Atleten zerrenda:

• Marisol Ramos, Oñati.

• Lourdes Colomo, Zizurkil.

• Elena Loyo, Gasteiz.

• Maialen Loyo, Gasteiz.

• Pilar Moran, Gasteiz.

• Maider Leoz, Iruña.

• Ana Llorens, Iruña.

• Janire Fernandez, Gasteiz.

• Maialen Muñoz, Ibarra.

• Naroa Sagarna, Ormaiztegi.

• Maite Arraiza, Donostia.

• Izaro Rubio, Ordizia.

• Sian Robertson, Gasteiz.

• Oihana Ortiz, Tolosa.

• Estela Navascues, Tutera.

• Amaia Bernal, Oñati.

• Iraitz Arrospide, Villabona.

• Imanol Cruz, Donostia.

• Pablo Salaverria, Donostia.

• Iban Rodriguez, Gasteiz.

• Alberto Arberas, Elgoibar.

• Kamel Ziani, Orio.

• Antonio Echeverria, Iruñea.

• Aritz Garin, Villabona.

• Endika Donnay, Arrasate.

• Ivan Arrate, Algorta.

• David Rua, Elorrio.

• Txomin Marañon, Durango.

• Mikel Etxamendi, Bizkarreta.

• Xabier Martinez, Ezpeleta.

• Hoss Kanache, Orio.

• Ekaitz Kortazar, Durango.

• Erick Martin, Oñati.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak