Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatuta, 30. aldia da aurtengoa, eta izango da ospakizunetarako aukerarik; hala ere, ohiko egitura izango du egunak. Finala 11:00etan hasiko da, Sarako trinketean eta han izango dira, iaz moduan, Oihana Arana –Gipuzkoako ordezkaria– eta Aramaioko Aitor Ugarte –Arabako ordezkaria–.
Finalerako sarrera doan da, baina 14:00etan Lur-Berri aretoan egingo duten bazkarira joan gura dutenek gaur, egubakoitza, dute azken eguna Bertsosarrerak.eus atarian txartelak erosteko.
Hamahiru bertsolari lehian
Bertso udalekuetan ezagututa, aspaldiko lagunak dira domekako finaleko bertsolariak. "Hori da Euskal Herrikoak duen onena, lehiakideen eta ikusleen artean lagun asko elkartzen garela", dio Lekaixoka bertso eskolako Oihana Aranak, eta zera gaineratu du: “Lasai nago; aurten nire helburua, iaz ez moduan, gozatzea da. Faboritoen artean, iazko irabazle eta Arabako ordezkari Aroa Arrizubieta ikusten dut; asmatu egiten du ikuslearengana iristen. Bizkaiko ordezkari Gorka Pagonabarraga ez dut sekula bertsotan entzun, baina oso ona dela esan didate. Eta argi Aitorrekin!".
Aurtengo ikasturtean elkartu egin dira Aretxabaletako eta Aramaioko eskolak; hortaz, Ugartek dio elkarrekin ari direla finala prestatzen. “Gogotsu nago, eta, oraingoz, lasai ni ere. Faboritoen artean, Oihanaren alde egingo nuke; oso indartsu dago. Gipuzkoako beste ordezkari Aner Peritz Euzkitze ere fin dabil, eta zer esanik ez nire herrialde-kide Aroa ere bai", gaineratu du Ugartek.