Autogobernu Ponentzia, adostasunerako mugarri

Iker Oñate 2018ko eka. 1a, 13:08

Gaurkotasuneko hainbat gai izan dituzte jorragai asteon Maider Otamendi –EH Bildu– eta Aitor Urrutia –EAJ– legebiltzarkideek 'Hemen Debagoiena' saioan. Tartean, etorkizunean adostasunetara iristeko mugarri bezala dute Autogobernu Ponentzia.

Hemen Debagoiena saioan izan dira asteon Maider Otamendi –EH Bildu– eta Aitor Urrutia –EAJ– legebiltzarkide debagoiendarrak. Besteak beste, PSOEk aurkezturiko zentsura-mozioa, Espainiako Estatuko aurrekontuen onarpena eta Gasteizko Legebiltzarreko Autogobernu Ponentzia izan dituzte jorragai.

Nork berea defendatu duen arren, izan da bat egin duten alorrik ere: Autogobernu Ponentziarena, kasurako. Are: bide beretik jarraitzearen alde egin dute biek. "Ziur naiz Autogobernu Ponentzian ados jartzeko izaniko gaitasunak izango duela eraginik etorkizuneko negoziazioetan", aitortu du Urrutiak. "Besteak beste, horrek irakatsi digu zenbait alorretan ados jartzeko gai izan gaitezkeela bi alderdiok", gaineratu du Otamendik.

Eta, era berean, bi legebiltzarkideak kexu azaldu dira Elkarrekin Ahal Duguk alor horretan izandako jarrerarekin. "Euren ekarpenak ere bazeuden ponentzian, baina atzera egitea erabaki zuten, azkenean. Badirudi eurek folklorismoarekin besterik ez dutela lotzen erabakitzeko eskubidearena", dio Otamendik. Eta Urrutiarendako, ostera, "aurreikusi zitekeen" zerbait da haien jarrera: "Badirudi PSE barik ez direla halako erabakiak hartzera ausartzen".

Aurrekontuetan, kontrako iritzia

Bestetik, aurrekontuez ere mintzo dira legebiltzarkideak. Hor, baina, kontrako iritziak dituzte. Batetik, Urrutiak azaldu du PPk aurkezturiko aurrekontuak onartzea "erabaki zaila" izan zela, eta aurretik esandakoa "irentsi" behar izatea eragin zuela. Hori bai, argitu du erabakiak hartzean "uneoro" izan dutela gogoan Katalunia. Are: azaldu du 155. artikulua indargabetzea "denbora gutxiren kontua" izan daitekeenaren ideiaz dihardutela. Eta, bestetik, aurrekontuei buruzko adostasunarekin lorturiko pentsioen igoera eta 540 milioi euroko inbertsio gehigarria ekarri ditu gogora.

Horren kontra, aurrekontuak onartu osteko egunean Katalunian izaniko 30 atxiloketak gogorarazi dizkio Otamendik. Eta, gainera, zalantzan jarri du PPk inbertsio gehigarrien inguruan adosturikoa betetzeko aukera: "Aurreko urtean onartu zenituzten aurrekontuei lotuta lorturiko inbertsio gehigarrien erdia ere ez da iritsi. Gainera, AHTaren finantzaziora doa diru horren zati handiena. Beste gauzetarako ez da horrenbeste geratuko, beraz".

Zentsura mozioa, ezbaian

Eta zalantzan jarri dute PSOEk aurkezturiko zentsura mozioaren etorkizuna. "Jada aurkeztua du mozioa, baina, zertarako? Zer egingo du ostean? Hori galdetu behar genioke", diote. Aurrera egin du PSOEren proposamenak. Orain, bere da Espainiako presidente.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak