Iñaki Artola: "Angiozarko eskolan matrikulak nabarmen egin du gora azken urte hauetan"

Eneko Azkarate Laspiur 2018ko eka. 4a, 06:00

Eskola Txikien jaia ospatuko dute ekainaren 10ean Oikian. Debagoienean, Angiozarren dago eskola txiki bakarra. Azkeneko urteotan nabarmen igo da ikasle kopurua; datorren urterako 35 daude izena emanda.

Eskola Txikien Jaia beste behin; oraingoa 31.ena eta Oikian…

Bai urtero ospatzen den jaia da. Eskola txikiok ere hor gaudela azaltzeko eguna da, batetik, eta, bestetik, isolatu samar gauden eskolen arteko topaketa egiteko aukera ere bada; gurasoak, irakasleak eta umeak eguneroko txikitasunetik zerbait handiagoa sentitzeko aukera, mugimendu berezi baten parte garela sentitzeko aukera.

Herri txikientzat "garrantzitsuak eta estrategikoak" direla nabarmendu nahi duzue aurten. Zergatik?

Urtero saiatzen gara hori nabarmentzen; aurten Okian, Iaz Arroan... Bai, herri-auzo txiki hauentzat garrantzi handikoa da eskolan. Hasteko, ume txikiak ez dira joan-etorri deserosoetan hasten. Bertan, herrian, sustraitzen dira eta lagunak egiten dituzte. Eskola Txikian ematen dituzte lehen pausoak eta norbanakoari oso begira dagoen heziketa jasotzeko aukera eskaintzen zaie. Hain garrantzizkoak diren lehen urte horiek inguru abegikor eta lasaian pasatzen dituzte ume hauek eta beraien izaera osatzen dute ingurumaria horretan.

Zenbat ikasle zaudete une honetan Angiozarko eskolan?

Angiozarko matrikulak nabarmen egin du gora azken urte hauetan. Ikasturte honetan 32 ikasle izan ditugu. Datorren ikasturterako 35 izango ditugu eskolan. Azken urte hauetako zenbakirik handienak dudarik gabe.

Adin ezberdinekoak elkarrekin?

Bai. Hori da Eskola txiki hauen beste ezaugarri bat; adin aniztasuna. Gela berean adin ezberdinak daude elkarrekin. 2, 3 eta 4 urtekoak elkarrekin daude Haur Hezkuntzako gelan. 5 urtekoak Lehen Hezkuntzako 1 eta 2. mailakoak bigarren gelan eta azkenik Lehen Hezkuntzako 3, 4, 5 eta 6. mailakoak batera. Aniztasun hau ez dugu eragozpen edo zailtasun gisa hartzen, aberastasun gisa hartzen dugu; desberdinen arteko harremanak balioetan sakontzeko aukera handia ematen digu.

Beste sasoi batzuetan gehiago izan dira?

1970eko hamarkadaren hasierara-edo joan beharko genuke. Azken 30 urte hauetan 8-15 tartean ibili da Angiozarko eskola. Orain, 8-10 urte hasten da igoera eta poliki-poliki orain dugun kopuru horretara iritsi gara. Uste dut gainera, eskola mota hau balioan jarri dela dagoeneko eta bai gurasoek eta baita irakasleok ere ohartzen gara txikitasun eta aniztasun honetan kalitatezko hezkuntza eskaintzeko aukera dugula.

Zein da une honetan zuen erronka nagusia?

Erronka asko ditugu eta arlo askotakoak. Proiektuka egiten dugu lan baina metodologian asko dugu hobetzeko eta hor ditugu aurrera begira hainbat erronka. Espazio fisikoan dugu hurrengo jomuga; eskola txikia geratu zaigu eta ingurua ez dago jolas hezitzailean jarduteko. Horregatik, dagoeneko hasiak ditugu harremanak udalarekin Hezkuntza Sailarekin epe ertain batean eskolaren eraberritze integralari ekiteko. Hau da azken urte hauetan beste hainbat eskola txikiek egin duten bidea, Oikia kasu, eta erabat ezinbestekoa da gaur egungo hezkuntzak dituen baldintzetan modu duin batean aritzeko

Herri ezberdinetako eskola txikiek elkarrekin diharduzue? Harremanik baduzue? Zertarako bereziki?

Bai eta funtsezkoa da, gainera. Gipuzkoa mailan daude koordinazio gune sendoenak. Bizkaian eta Araban ere badaude eta guztien arteko formazioa edo topaketa ere izaten dugu. Eskola txikien eskola egoera berezia da eta bertan sortzen zaizkigun arazoak, kezkak eta irtenbideak ere propioak dira. Horregatik da garrantzizkoa gure arteko koordinazio-lotura. Bertan saiatzen gara gure erronkei erantzuten; aniztasunaren trataera, metodoaren aniztasun horretan, eskola bakoitzaren ekarpena jaso besteentzat baliagarri...

Nola ospatuko duzue eguna ekainaren 10ean?

Ikasturtero herri txiki bateko eskolaren ardura izaten da egun hau antolatzea. Eskola komunitate osoaren parte hartze handia eskatzen duen antolaketa izaten da. Egun osoko antolaketa Eskola txikietan dauden ume, guraso eta irakasleentzat eta nola ez irekia mundutxo hau ezagutzeko gogoa duen edozeinentzat ere. Ekainaren 10erako Oikiak prestatu du aurtengo jai. Goizean goizetik, 10:00etan hasita egitarau oso bat dute antolatuta; musika-dantza, umeentzat jolasak, taberna...Egun eder bat pasatzeko aukera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak