Raul Perez nagusi Eskoriatzan jokatutako lehenengo Slalom txapelketan

Mirari Altube Arrese 2018ko mai. 27a, 12:52
Gorka Urrutia eskoriatzarra erakustaldiko une batean.

Motor hots zaratatsuak, goma erre usaina eta kea ekarri zituen autoen I. Slalom txapelketak Eskoriatzako tren geltoki zahar ingurura. 24 pilotuk hartu zuten parte, asko Bizkaitik etorritakoak, eta erakustaldiak ikusmin handia piztu zuen. Raul Perez izan zen nagusi minutu eta hamahiru segundo eginda, eta haren atzetik sartu ziren Eneko Correia eta Unai Estenaga.

Zehaztutako zirkuituari buelta ematea da kontua slalomean, piboteen inguruan birak emanaz horiek ukitu barik; eta hori guztia ahalik eta denborarik laburrenean. Halaxe jardun zuten atzo arratsaldean Eskoriatzan elkartutako 24 pilotuek. Hiru saio egin zituen bakoitzak (entrenamendua eta bi manga) eta denborarik onena Durangalde Racing taldeko Raul Perezek egin zuen BMW 325i autoarekin (01:13,870). Haren atzetik geratu zen Bakio Motorsport taldeko Eneko Correia auto berdinarekin (01:14, 347) eta hirugarren postua eskuratu zuen Zamudio Racing taldeko Unai Estenagak (01:14,660) BMW 325 E36 autoarekin.

Junior mailan, ostera, denborarik onena egin zuen Ander Goikoetxeak BMW M3 E36 autoarekin (01:17,522). Eta parte hartu zuen emakume bakarra seigarren postuan geratu zen, Maddalen Toledo antzuolarra BMW 325i E36 autoarekin (01:21,970). Haren atzetik geratu zen lehenengo eskoriatzarra, Joseba Frutos, aurrekoak bezalako ibilgailuarekin (01:23,015). 

Abilezia eta eskarmentua gako

Pilotuak bat etorri ziren esaterakoan autoan baino gehiago norberaren abilezian eta eskarmentuan dagoela gakoa slalom txapelketan. Eta bakoitza bere helburuekin etorri zen atzoko probara; batzuk Euskal Herriko txapelketan aurrean izateko puntu bila, eta beste batzuk, ondo pasatzera autoak kalterik izan barik. 

Antolatzaileak pozik ziren lehenengo slalom honek emandakoarekin: "Kontu hau gustuko duten pilotuak daude Eskoriatzan, eta horregatik antolatu dugu Udalaren laguntzarekin. Eguraldiak errespetatu egin du ia proba guztia, eta herritarrek ere harrera beroa egin diote. Hortaz, jarraipena izango du seguru asko", zioen Jose Angel Urrutiak.

Erlazionatuak

Eskoriatzako lehenengo Slaloma

Txomin Madina Milikua 2018 mai 27 Eskoriatza

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak