Joxe Mari Arregi: "Arantzazu maite dugunok omenduko dugu Beristain"

Eneko Azkarate Laspiur 2018ko mai. 25a, 19:45

Iñaki Beristain (Errezil 1947-Arantzazu 2017) zenari omenaldia eskainiko dio, zapatuan, Arantzazun, Arantzazuko Adiskideak Elkarteak, Gandiaga Topagunean. 11 urte zituela hasi zen Arantzazuko frantziskotarren seminarioan eta Arantzazuri emana bizi izan zela diote gertukoek, horien artean Joxe Mari Arregik Arantzazuko Adiskideak Elkarteko presidenteak.

Azkarregi eta ustekabean hil zen Iñaki Beristain. Hala diozue...

Bai. Minbiziarekin hil zen. Atzeman eta esan ziotenetik heriotzaraino oso tarte laburra igaro zen. Azkar joan zitzaigun. Presaka bezala hil zela esan genezake. Ezustean harrapatu gintuen.

Arantzazun, funtsezkoa izan zen.

Batetik, Arantzazuko fraideon artean eta, bestetik, Arantzazu euskalduntasunaren eta euskal kulturaren gune bezala hartzen duen edozeinendako. Arantzazu erlijioaren edo espiritualtasunaren gunea baino askoz ere gehiago da: kultura, natura, euskara...; euskaldunon etika, morala eta ausardia guztiak laburbiltzen dituen lekua da.

Ze nabarmenduko zenukete hari buruz, hark egindako lanari buruz eta hark utzitako arrastoari buruz?

Batetik, Arantzazuko Adiskideen Elkartearen bultzagile eta sortzaileetako bat izan zen. Eta hura sortu aurretik ere, haren kezka nagusia izan zen Arantzazu zaintzea; ez bakarrik frantziskotarrek, baizik eta euskal gizarte osoak. Santutegia edo errezatzeko tenplu erlijioso hutsa baino askoz ere gehiago zela. Kezka horren ondorioetako bat izan zen elkartea sortzea.

Gaur egun, zenbat lagunek osatzen duzue elkartea?

800 bazkide inguru gara, Adiskideak, urtean kuota bat ordaintzen dugunak. Arantzazu zaintzea, maitatzea, dinamizatzea, babestea, antolatzea... da zeregina.

Eta bihar, zapatua, omenduko duzue Arantzazu maite duzuenok. Iñaki Beristaini eskerrak ematea da asmoa, beste handinahirik barik. Omenaldi xumea izango da.

Batetik, haren argazkiak erakutsiko dira; bideo berezi bat ere bai, non agertzen diren, Arantzazun bertan, Beristainek asko maite zituen eta asko egoten zen lekuak. Bestalde, Arantzazuko korua hark zuzentzen zuen eta koruak hainbat kanta abestuko ditu. Mahai-inguru bat ere izango da hura asko ezagutzen zuten hiru pertsonaren eskutik. Berau eta ekitaldi osoa Jose Ramon Belokik gidatuko du. Andoni Egaña, Sebastian Lizaso, Jon Enbeita, Jon Sarasua eta Xabier Euzkitze bertsolariak... eta amaitzeko, hamaiketakoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak