Inoiz baino elite mailako lasterkari gehiago izango ditu Zegama Aizkorri lasterketak. Lehenago ere World Series barruan zegoen proba, baina Salomon etxeak babestuta lehenengoz egongo da Golden Trail Series barruan, eta horrek areagotu egin du lehendik ere bazuen nazioarteko izaera. Bada, herri mailako atletek nazioartekoei egin behar izan diete lekua, alegia, mundu mailako atleta onenei –Kiliam Jornet Pierra Mentan izandako lesiotik errekuperatzen dabil eta ez da proban egongo–.
Tartean izango dira, baina, bailarako hainbat korrikalari, eta baita Euskal Selekzioko ordezkariak ere. Guztira hamaika lagunek jantziko dute selekzioaren elastikoa, Oihana Azkorbebeitia sasoi betean dago eta Aitziber Ibarbia ere irteera puntuan egongo da. Gainera, Maddi Mujikak eta Nahia Quincocesek debuta egingo dute lasterketan. Gizonezkoen mailan, Ander Iñarra, Xabier Macias, Asier Larruzea, Julen Martinez de Estibaliz, Hassan Ait Chaou, Iban Letamendi eta Axier Alonso lasterketan izango dira. Eta, horien guztien lana gertutik jarraituko du Aritz Gordo argazkilari arrasatearrak, Salomon etxearendako lanean ibiliko da-eta.