Askotariko kirol jarduerak izango dira datozen bi asteburuetan Arrasaten antolatu dituzten Euskadiko Eskolarteko 37. finaletan –kirol jarduera batzuk Bergarara, Eskoriatzara eta Aretxabaletara bideratuko dituzte–. Hala, Kirol Jokoetako finalek zenbateko ikusgarriak utziko dituzte: "Euskal Herri osoan finaletara iritsi diren 3.200 atleta batuko dira gurean", adierazi dute antolatzaileek.
Hainbat gunetan banatuta
Kirol jarduera asko Mojategiko eta Musakolako kirol instalazioetan batuko dira, eta zapatuan, esaterako, ordutegi berean (10:30- 14:00). Atletismo probak eta futbol partiduak izango dira Mojategin; tenisa, karatea, eta padela Musakolan (10:30-14:00); Iturripen saskibaloian jokatuko dute (10:15), eta baita Eskoriatzan ere, eta Uarkapen gimnasia erritmikoa egongo da goizean, eta arratsaldean (16:00-20:00) aerobika eta xakea. Igeriketa, berriz, Bergarako Agorrosin gunean izango da (goiz eta arratsalde). Domeka goizean, berriz, areto futbolean (Musakolan) eta eskupilotan (Uarkapen) jokatuko dute.
Txirrindularitza, herri barruan
Kirol jardueretako batzuetan bereziki egin dute apustu handia; esaterako, txirrindularitzan. Hala, domekan Arrasateko kaleetan barrena jardungo dute neskamutikoek. 10:00etan hasiko da mutilen proba; eta, 11:00etan, neskena. Finean, proba bera herritarrengana gerturatzea dute helburu bultzatzaileek. Eta jakinarazi dute aldian aldiko bide mozketak eragingo dituela horrek. Lasterketa horiek bukatuta, bestetik, ginkana egingo dute Biteri plazan.