Debagoieneko zaleek begi onez ikusten dute Garitanoren fitxaketa

Xabier Urtzelai 2018ko mai. 25a, 18:28
Asier Garitano, Leganes zuzentzen.

Jagoba Arrasatek Reala zuzendu zuenetik (2013-2014), talde txuri-urdinak ez du bertako entrenatzaile baten aldeko apusturik egin. Klub txuri-urdinak atzo iluntzean egin zuen ofizial Asier Garitanoren fitxaketa, eta GOIENAk hainbat debagoiendarren iritzia batu du:

Arrasatek Montanier ordezkatu zuen, baina hurrengo denboraldian gauzak erabat okertu ziren eta zaleak zorrotzak izan ziren Berriatukoaren lanarekin. Orduan, nazioartean oihartzun handiagoa zuen David Moyesen aldeko apustua egin zuten –West Ham taldeak kontratua eten berri dio– eta ondoren etorri zen Eusebio Sacristan (2015). Motibo batengatik edo bestearengatik –Eusebiorekin joko eta emaitza aldetik bolada oso onak izan ditu taldeak–, entrenatzaile horietako bat ere ez da Realeko aulkian egonkortu. Eta Leganesen erreferente –herriko seme kutun izendatu dute– bilakatu den Asier Garitanoren aldeko apustua egin du orain klub txuri-urdinak. 

Gertukoa eta zorrotza  

Jokalariek gertuko entrenatzaile moduan definitzen dute, baina baita zorrotza dela ere. Eta, gertutasun hori komunikabideekin ere erakutsi izan du Bergarakoak; tartean, GOIENArekin. Debagoiendarren gustukoa Bada, lerrootan jasotakoagatik, bailarako futbol zaleen gustukoa da Garitano: "Klubek izen handiko entrenatzaileak izaten dituzte buruan, dagoeneko erreferente direnak, eta, horregatik, sarritan etxeko entrenatzaileak baztertzeko joera egoten da", dio Aloñako presidente Jabi Azpiazuk.

Asier Garitano, Leganesen egin zioten omenaldian. Argazkia: Leganes, Juan Aguado.

Euskadi Irratiko esatari Rafa Mungiak, berriz, garbi dauka Emery inoiz ez zela proposamen erreala izan: "Horren aldeko apustua egiten zutenak ez dakit ze planetatan bizi diren, zentzu handi barik puztu zen gaia izan zen hori. Pentsa, Arsenal moduko klub batean Arsene Wenger ordezkatuko du Emeryk". Leintz Arizmendi taldea Euskal Ligan zuzentzen lan ona egin duen Esti Toiti Titu-k ere bat egin du ideia horrekin: "Emery moduko entrenatzaile bat erakartzeko, nazioartean proiekzioa duen taldea izan behar duzu, eta Realak zer egin du? Ez gaude etxafuegoak botatzeko moduan".

Eta Bergarako kirol zuzendari Manu Diazek, gainera, izar handiekin alderatuta Bergarakoak duen profila lehenesten du Realarendako: "Behetik gora datorren entrenatzailea behar du Realak. Imanol aproposa iruditzen zitzaidan, eta baita Asier ere. Garitanok taldearendako egiten du lan, eta jokalariei uzten die protagonismoa. Eta, batez ere, Garitanoren etorrerak Zubietako harrobiarendako ekar dezakeen bultzadagatik nago pozik. Eta noski, bergararra delako [Barre]".

Mondrako presidente Ramon Azkarateren ustez, berriz, garrantzitsua izango da lehenengo jardunalditik zortea aldeko izatea, etxekoak direnekin jendea azkarrago urduritzen delakoan: "Imanoli aukera emango nioke nik, baina Garitano ere aproposa da Realaren filosofiarekin lan egiteko. Dena dela, gauzak ondo irten beharko zaizkio hasieratik; bestela, Olabek eta Aperrik segituan sumatuko dute zaleen presioa".

Garitano, Bergarako lagunekin –tartean Igor Unzurrunzaga– Sansekoen partidu bat ikusten.

Mungia, baina, oinarrira etorri da, Bergarakoak eskura izango dituen jokalarietara: "Xabi Prieto, Canales, Iñigo Martinez, Charlie... Jokalari askok taldea utzi dute, edo utziko dute. Rullik ere ez dut uste jarraituko duenik, eta ze fitxaketa egingo du Realak? Izan ere, entrenatzaile ona izan arren, taldea ondo indartzea ezinbestekoa izango da". Guztien artean, Bergarako jokalari eta entrenatzaile ohi Igor Unzurrunzaga izango da Garitano ondoen ezagutzen duena: "Egia da ez dela profil ezaguneko entrenatzaile bat, baina, nire ustez, entrenatzaile batek behar dituen ezaugarri guztiak ditu, oso tipo azkarra da".

Debagoienekoen iritzia:

Agurtzane Elkoro, UDA-KO presidentea:

"Etxeko pertsona bat da, gipuzkoarra, eta bertako futbola ulertuko duen esperantza daukat. Ez naiz kanpoko jokalariak ekartzearen kontrakoa, baina harrobiarekin sentsibilizazio berezia izango duela uste dut, jakinda Olabe ere hor dagoela kirol zuzendari; horrek pozten nau".

Manu Diaz, Bergarako kirol zuzendaria: 

Reala dagoen moduan egonda, profil egokiko entrenatzailea da, behetik gora datorren entrenatzailea da eta. Jokalari garrantzitsuek agur esango dute eta taldea berritu egin beharko dute, eta hor, Asierrek erakutsi du Leganesen gauzak oso ondo egin dituela. Tipo umila da, taldearendako lan egiten duena".

Igor Unzurrunzaga, futbol entrenatzailea:

"Asier nahiko gertutik ezagutzen dut, eta garbi daukat oso fitxaketa ona dela. Entrenatzaile on batek arlo asko menperatu behar ditu, arlo taktikoa, jokalariekin hartuemana... Eta ona da horretan. Entrenamenduak oso ondo prestatzen ditu, eta oso erraz ikusten du futbola".

Rafa Mungia, EITBko kazetaria:

"Eusebiorekin alderatuta, Lehenengo Mailan jokatu izanaren esperientziarekin dator; apustu interesgarria da. Badago korronte bat Emeryren alde egin duena eta Garitano gutxietsi, baina Emery Realera etortzea ez zen erreala. Halako tankerako entrenatzaileekin Reala ondo ibili izan da".

Esti Loiti 'Titu', Leintz Arizmendiko entrenatzailea

"Normalean, gehiago kostatzen zaigu etxekoen lana aitortzea eta onartzea, eta Asier Garitanok oso lan ona egin du Leganesekin; isil-isilik, gainera. Zituen jokalariekin futbol erakargarria egin du. Emery? Reala ez dago etxafuegoak botatzeko eta izen handiko entrenatzaileak erakartzeko".

Ramon Azkarate, Mondrako presidentea

"Alde positiboa da gipuzkoarra dela, eta Realaren filosofiarekin lan egiteko oso pertsona aproposa. Negatiboen artean, Leganes oso ondo zuzendu badu ere Lehenengo Mailan ez duela esperientzia handirik. Hasieran emaitza txarrak badatoz, agintariek zaleen presioa izan dezakete".

Edurne Urteaga, Oñatiko Realzaleen peñako kidea:

"Egia da Garitanoren ibilbidea ez dudala askorik jarraitu, baina bistakoa da Leganesen estimu handia diotela, eta zerbaitengatik izango da. Uste dut fitxaketa aproposa dela, eta badirudi Zaldua ere ekarriko duela; hortaz, albiste onak dira. Emery proiekzio handiko talde batean zegoen".

Ibon Gezalaga, Antzuolako presidentea:

"Fitxaketa ona da, besteak beste, Reala zer den ondo ezagutzen duelako, baita jokalariak ere. Leganesekin Bigarren B mailatik Lehenengo Mailara igotzea bakarrik ez, ondoren taldea kategorian egonkortu du larritasun handirik pasatu gabe, eta ez zeukan aparteko talderik".

Jabi Azpiazu, Aloña Mendiko presidentea:

"Ez dut pertsonalki ezagutzen, baina bistakoa da Leganesen lan ona egin duela. Realeko kirol zuzendaritzak erabaki badu bere profila aproposa dela Realarendako, zerbaitengatik izango da. Halakoetan, etxekoak baztertuta izaten ditugu, eta klubek izar handiak izaten dituzte aintzat".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak