33,2 milioi euroko emaitza positiboa izan du 2017an Eroskik, aurreko ekitaldiko emaitzak 56 milioi euroan hobetuz. Irabaziak eskuratzen hasita, eraldatzeko prozesua "sendotu" egin duela adierazi dute Eroskitik.
Ohiko jarduerak, Eroski S.Coop-ek, 137,4 milioi euroko emaitza lortu du bere kabuz. 2016an ere, emaitza positiboak aurkeztu zituen kooperatibak, baina azken ekitaldian, Eroski talde osoak lortu ditu mozkinak. Fakturazioak behera egin du aurreko urtearekin alderatuta; salmenta garbia %7,2 jaitsi da, baina onura operatiboak gora egin du %0,3 -137,4 milioi euro-.
Bestalde, finantza zorra 167 milioi euro murriztu du 2017an. Azken hiru urteetan 646 milioi eurora iritsi da zorraren amortizazioa, eta finantza erakundeekin hartu zituen konpromisoak bete ditu. "Gaur egun Eroskik negoziazioari ekin dio palanka-efektu finantzarioa erritmo egokian nola egin adosteko, baliabideen sorrerak eta 2019ko uztailetik aurrera Eroskik dituen inbertsio proiekzioak eskatzen duten erritmoan".
Sare komertzialaren birmoldatze prozesua
Azken ekitaldian, eraginkortasuna eta produktibitatea hobetzeko zenbait proiektu gauzatu ditu Eroskik, bai prozesu logistikoetan, eta baita, Zurekin eredu komertzialean, belaunaldi berriko dendei lotuta. Emaitza positiboak horren guztiaren ondorio direla esan dute Eroskiko ordezkariek.
Dagoeneko belaunaldi berriko 600 denda baino gehiago ditu (31 hipermerkatu eta 570 supermerkatu). Taldeak elikadura arloan dituen salmenta guztien %65 egiten dira horietan. Sare komertziala Zurekin denda eredura eraldatzeko planaren barrenean, belaunaldi berriko ehun denda berri lortu ditu 2017ko ekitaldian.
Bereziki nabarmentzekoa da 61 denda berri ireki dituela iazko ekitaldian, eta horrek sendotu egin du sare komertziala birmoldatzeko prozesua. Guztira, 50 supermerkatu berri ireki ditu, bi hipermerkatu berri Galizian eta Melillan, zazpi Forum Sport kirol denda eta Dooers marka berriko denda bat, gasolindegi bat eta bidaia bulego bat. 2017an taldeak egindako inbertsioa, denda propioetan eta frankizia erakoetan, 106 milioi eurokoa izan da.
Guztira, 6 milioi dira Eroskiren Bazkide Bezeroak, Eroski Club txartelaren, Caprabo txartelaren eta Forum Sport txartelaren jabeak. 2017. urtean zehar, taldeak 260 milioi euroko transferentziak egin ditu eskaintza eta sustapenetan, zeinak gero eta pertsonalizatuagoak diren.
Kooperatiba izaerako lehen banaketa taldea
Kooperatiba izaerako Espainiako lehen banaketa taldea da Eroski, eta erreferentziazko operadorea Galizian, Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan, Katalunian eta Balearretan. 1.651 saltokiko sare komertziala du. Saltoki motari dagokionez, baditu supermerkatuak, hipermerkatuak eta cash & carry-ak eta, horretaz gain, gasolindegiak, bidaia bulegoak eta kirol ekipamendurako dendak ere bai. Sei milioi bezero-bazkide baino gehiago ditu, eta 33.800 kooperatiba-bazkide, langile eta frankizia-hartzaile.