Kataluniari babesa erakusteko, elkartasun kilometroa izango du ekainaren 10eko giza kateak

Itziar Larrañaga Sarasola 2018ko mai. 24a, 17:37

Jone Amonarriz eta Angel Oiarbide bozeramaileak.

Gure Esku Dagok babesa eskaini dio Kataluniari, gaur egun bizi den "salbuespen egoeraren aurrean". Ekimeneko ordezkariek, Bilbon egin duten agerraldian jakinarazi dutenez, ekainaren 10ean egingo den giza katean, elkartasun kilometro bat izendatu dute.

Omnium Cultural eta Assamblea Nacional Catalanarekin elkarlanean, Gure Esku Dago-k elkartasuna adierazi nahi die, Kataluniako herriari, preso politikoei, erbesteratuei eta jazarpena jasaten ari diren herritar guztiei.

Gure Esku Dago-ko ordezkariek egindako adierazpena:

"Gure Esku Dagok bost urteko ibilbidean harreman estua izan du estaturik gabeko beste hainbat naziorekin; Kataluniarekin bereziki. Azken urteotan hamaika arrazoi izan ditugu harreman hori are gehiago sendotzeko eta elkarlanerako esparruak sortzeko. Nor bere bidea egiten ari da, baina helburuak batzen gaitu, erabakiak batzen gaitu eta erasoek ere batu egin gaituzte.

Denbora aurrera doa eta Espainiako estatuaren errepresioak ez du etenik. Bi Jordiek 220 egun daramatzate espetxean, Oriol Junqueras eta Joaquim Fornek 201, Josep Rull, Dolors Bassa, Jordi Turull, Dolors Bassa eta Raül Romevak 93 eta Carme Forcadellek 62. Carles Puigdemont eta lau kontseilarik —Clara Ponsati, Antonio Comin, Meritxell Borràs Meritxell Serret— exilioan jarraitzen dute. Baita Marta Rovira eta Ana Gabriellek ere. Hautetsontzien bidez herritarrei hitza emateagatik, Kataluniako herritarren gehiengoaren borondateari bide emateagatik, kartzelara eta exiliora eraman du estatu espainiarrak ia gobernu oso bat eta beste hainbat kargu politiko eta eragileren aurkako jazarpen sistematikoa egiten ari da. Kezkatuta gaude Kataluniak bizi duen salbuespen egoerarekin; non gobernuaren onarpenari uko egiten zaion, inolako oinarri juridikorik gabe, non 155. artikulua aplikatzen ari diren arbitrarioki, eta abar luzea.

Herritarrok ardura handia daukagu eta guztion erantzukizuna da nahikoa dela esatea, XXI. mendean ez dugula inolako errepresiorik onartuko, ez Katalunian, ez Euskal Herrian ez inon. Egoeraren larritasuna berriro ere mahai gainean jarri nahi dugu. Ez hitzez bakarrik. Ekintzen bidez ere bai. Ezin gara geldirik egon. Ez gaude geldirik.

Horregatik, ekainaren 10eko giza kateko ibilbidean kilometro berezi bat izendatu dugu, Kataluniako herriari, preso politikoei, erbesteratuei eta jazarpena jasaten ari diren herritar guztiei elkartasuna adierazteko. Ekimen hau Omnium Cultural eta Assamblea Nacional Catalana elkarteekin elkarlanean antolatu dugu; esker onez jaso dute proposamena. Elkartasun kilometroa 122 garrena izango da, eta Bilboko erdigunean kokatuko da, Eliptika plazaren inguruan. Kilometro solidario honetan izena eman nahi duenak, internetez eskuratu behar du bere metroa, herria Bilbo aukeratu behar du, eta Bilbo barruan Indautxu auzoa.

Gainerako kilometroen antolakuntza bera izango du elkartasun kilometroak. Elementu batek bereiztuko du gainerakoetatik. Zapi horiak. Kilometro horretako parte hartzaileei zapi zuria beharrean zapi horia banatuko zaie, Katalunian ekoitzia eta handik ekarria. 600 zapi horietatik ateratzen diren irabaziak Kataluniako elkartasun kutxara bideratuko dira. Aurtengo giza kate koloretsuan, kolore horirik ez da faltako.

Gaur gogora ekarri nahi ditugu Kataluniako gure bi bidelagunik leialenak, kuttunenak. Azken urteotan antolatu ditugun ekimenetan ere gurekin izan ditugunak. Behin ere hutsik egin ez digutenak. Haien eskubideak eta ideiak delitu bihurtu izan ez balituzte, aske izango balira, ziur gaude ekainaren 10ean ere Euskal Herrira etorriko liratekeela. Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart, jaso gure besarkadarik beroena eta sentitu ezazue euskal herritarron babesa, miresmena eta konpromisoa. Gu ere zuekin gaude eta guk ere zuen askatasunaren alde lanean jarraituko dugu, etxean izan arte. Maite zaituztegu.

Jordiak ezingo ditugu gurekin izan ekainaren 10ean. Baina Kataluniako ordezkaritza bat egongo da elkartasun kilometroan. Omnium Culturalek eta ANCk ordezkaritza bana bidaliko dute giza katera.

Elkartasunezko kilometroaren ekimenari babesa eskaintzeko, Omnium Cultural-eko presidenteorde Marcel Maurik eta ANC-ko lehendakari Elisenda Paluziek esker oneko mezu bana bidali dizkigute."

Bozeramaileak: Angel Oiarbide eta Jone Amonarriz

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak