Natalia Garcia Poza –Nat Simons– Madrilen jaio zen, 1985ean. Marrazten eta idazten hazi zen, egun batean gitarra bati heldu zion arte. Orduan konturatu zen musikak bihotza harrapatu ziola, eta 23 urte zituela, Madrilgo areto eta taberna askotan izana zen, gitarra eta harmonika lagun zituela.
2014an argitaratu zuen bere lehen diskoa, Home on high, eta, urtebete geroago, beste lan bat plazaratu zuen, Trouble man. Musika amerikarrean adituak zirenen aldetik, kritika oso ona eduki zuen hasieratik, eta ordutik ibilbide oparoa izaten ari da madrildarra.
Huercasa Country Festival jaialdi ospetsuan Emmylou Harris eta Rodney Crowell bezalako musikariekin oholtza partekatu ostean, Bartzelonan The Jayhawks taldearekin jotzeko aukera izan zuen. Han ezagutu zuen Gary Louris, taldeko musikari eta ekoizlea, eta hortik suertatu zitzaion Ameriketako Estatu Batuetan azken disko hau grabatzeko aukera. Hilabete eta erdi eman zituen, Ipar Karolinan, hamar abestiz osaturiko disko hau grabatzen.
Disko "bikaina"
Benetako pertsonaia eta gertaeren inguruan oinarrituriko abestiak dira, eta gaur egun bizi dugun egoerari ere egiten dio aipamen Simonsek.
The Jayhawks taldeko lider den Gary Louris berak ere goraipatu egin du madrildarraren azken lan hau. "Maila handiko abesti melodikoak dira; letrak bikainak dira eta egindako moldaketak ere modu argian ordenatuta daude. Horrez gain, bere kantatzeko modua ikaragarria da, abesti guztiak indartsuak dira eta bere konposizio guztiak solidoak. Eta hau guztia ez dut nolanahi esaten", azpimarratu zuen musikari amerikarrak.
Simonsek, berriz, aitortu du azken bidaia honek "bizitza aldatu" diola, eta bere ibilbidean behin betiko urratsa izango dela espero du.