Hirurogeita zazpi lagun -euskaldunak eta katalanak- elkartu ziren pasa den zapatuan Arantzazun, elkarrekin egun berezi bat igarotzeko asmotan. Topaketan parte hartu zuen Miquel Beneïtek azaldu duenez, aurten katalanen kopurua "oso handia" izan da, eta hainbat lekutatik etorri dira; Debagoienekoez gain, Getariakoak, Durangokoak eta Gasteizkoak ere elkartu ziren, besteak beste.
Topaketa katalana
Eguna 11:00etan hasi zuten, Gomiztegi baserrian. Bertan bisita gidatua egin zuten; lehenik artzain txakurraren erakusketa ikusi zuten, eta ostean, Idiazabal gazta egiteko prozesua eta baserriaren historia azaldu zieten. Gomiztegiko gazta dastatzeko aukera ere izan zuten, eta eguraldiak lagunduta, bidegorritik Arantzazura joan ziren, Sindika jatetxean bazkaltzeko. Azkenik, eguna borobiltzeko, Oñatin buelta bat eman zuten arratsalde partean.