Asier de la Iglesia fitxatu du Delteco GBC taldeak

Xabier Urtzelai 2018ko mai. 18a, 10:11
Asier de la Iglesia Oñatiko saskibaloi taldean jokatzen zuenean.

Urteetan Aloña Mendiko talde nagusiko jokalari izan zen Asier de la Iglesia fitxatu du Delteco GBC taldeak. De la Iglesiak urteak daramatza esklerosi anizkoitzari aurre egiten –Ordizian jokatzen du egun, EBAn– eta gaixotasuna ezagutzera emateko asmoz egindako fitxaketa da. De la Iglesiak, horrela, ACBn debuta egiteko aukera izango du domekan.

Domekan Delteko GBC taldeak Divina Seguros Joventut taldearen kontra jokatuko du, eta partidu berezia izango da, zalantza barik, urtetan Aloña Mendiko elastikoa defendatu duen Zumarragako Asier de la Iglesiarendako. Azken partidu horretara begira, eta esklerosi anizkoitzaren aldeko borrokan oihartzun mediatikoa emateko, talde gipuzkoarrak De la Iglesia fitxatu du –azken denboraldi honetan EBAn denboraldi nabarmena egin du Zumarragakoak, hainbatetan izan da jardunaldiko MVP–.

Bada, 35 urteko jokalariak –29 urterekin esan zioten esklerosi anizkoitza zuela– ACBn debuta egin dezake asteburuan. Gaixotasunari neurria hartu bitartean bertan behera utzi zuen saskibaloia, baina poliki-poliki kantxetara itzultzen hasi zen, eta Oñatiko taldearen urrezko urteen ondoren ere txantxikuekin jokatzen jarraitu zuen, baina liga xumeagoetan –Aretxabaletan, esaterako, gaixotasunaren kontra dirua batzeko hirunako saskibaloi torneoa antolatu zuten–. Orain, saskibaloiaren gorenera iritsi da, nahiz eta partidu bateko kontua izan. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak