"Oso haserre" dagoen UDAk jokatzea erabaki du

Xabier Urtzelai 2018ko mai. 18a, 09:56

Gorabehera handiko astearen ondoren, Gipuzkoako Federazioak eguazten eguerdian jakinarazi zion UDAri, mailari eusteko promozio partidua Antzuolak beharrean Aretxabaletak jokatuko duela: "Bi klubek idatzi bateratua egingo dugu", dio Agurtzane Elkoro, UDAko presidenteak.

Erregional Preferenteko Aretxabaletak mailari eusteko promozio partidua jokatu beharko du, eta klubak onartu egin du partidu hori jokatzea. Ez da erabaki erraza izan, UDAko zuzendaritza lau orduz egon zen-eta batzartuta eguazten ilunkeran, Federazioaren partetik berri txarra eguerdian jaso eta gero. Izan ere, astelehenean Federazioak adierazi zien Antzuola zela promozio hori jokatu behar zuena, eta bi egun baino ez dituzte izan partidu hori prestatzeko. Bada, beste multzoko Ostadarrek Aretxabaleta izango du aurrean zapatuan, Lasarten (17:15).

Baina, zer gertatu da?

Bi klubetako ordezkariek haserre eman dute astea, jakinda beste klubak ez duela inongo kulparik. Azken jardunaldia hiru talderen arteko berdinketarekin amaitu zuten: Antzuola (32), Aretxabaleta UDA (32) eta Antzuola (32). Eta berdinketa hirukoitz horren aurrean araudiaren interpretazio ezberdinek ekarri dute zalantza eta ikamika. Hori gutxi balitz, Federazioak Aretxabaleta aurretik geratu dela esateak eta ondoren sailkapen ofizialean egoera bestelakoa zela erakusteak ez du lagundu. Hala, klub bakoitzak araudiaren interpretazio propioa egiten eman du astea, eta, GOIENAk jakin duenez, Federazioko ordezkarien artean ere kontua ez da garbi egon. Bada, Euskadiko eta Espainiako futbol federazioekin kontsultatu ostean etorri da Antzuolaren aldeko erabakia, eguazten eguerdian: "Uste dugu Gipuzkoako Federazioak errespetu falta handia izan duela bi klubekiko; eguazten eguerdian Antzuolako presidentearen bitartez jakin genuen albiste txarra, eta ondoren jaso genuen guk berria. UDAkoak oso amorratuta gaude, uste dugu Federazioak ez duela jakin arazo hau azkar konpontzen", adierazi du UDAko presidente Agurtzane Elkorok.

"Idatzi bateratua aurkeztuko dugu"

Logikoa den moduan, Antzuolan poztasunez hartu dute albistea, baina, hala ere, Aretxabaletarekin batera Federaziora idatzi bateratua bidaltzea erabaki dute: "Ulertzen dugu aretxabaletarren haserrea, gu ere egoera berberean egon gintezkeelako", adierazi du Antzuolako kapitain Ibai Zabalok.

Hala, behin erabakia hartuta, Aretxabaletak ez dio gai honi buelta gehiago eman gura, ez dute atzerapenik eskatuko, ezta errekurtsorik aurkeztuko ere: "Gaur [eguena] egongo gara jokalariekin eta azalduko diegu zein izan den zuzendaritzaren erabakia. Badakigu ez dela halako promozio bat jokatzeko baldintzarik onena, ezta gutxiago ere. Baliteke amorrua kanporaketa ona egiteko motibagarri izatea, edota oso partidu txarra egitea, denerako egongo gara gertu. Eta ondoren idatzi bateratua egingo dugu Antzuolarekin. Baina datorren astean izango da hori, Emakumeen Bira antolatzen ere badabilelako UDA, eta horra bideratu gura ditugu indarrak. Amaitzeko, zorionak Antzuolari! Eurek ez dute inongo errurik honetan guztian, ezta Ostadarrek ere".

Ordizia mailaz igotzera dator Ibarrara domekan

Bestalde, Ohorezko Erregional mailan, Bergarak Donostian jokatuko du gaur (21:00etan, Vasconiaren kontra), eta Mondrak Hernanin (zapatua, 16:30). Aretxabaletako talde nagusiak, berriz, kategoriako liderra hartuko du Ibarran (domeka, 16:30), Hirugarren Mailara igotzeko asmoz datorren Ordizia (69) – autobusa antolatu dute–. Hala, berdinketa batekin ere nahikoa dute mailaz igotzeko, eta Pasaiak (66) derrigor irabazi behar du

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak