Lazkaoko udalerrian dituzten proiektuak, egitasmoak eta erronkak bertatik bertara ezagutzeko eta etorkizuneko ekonomiari bultzada emateko irizpideak finkatzeko elkartu ziren udaleko ordezkariekin Markel Olano eta Ainhoa Aizpuru diputatuak.
Gainera, Goierri Valley erakundeko kideek proiektuaren nondik norakoak azaldu zizkieten foru ordezkariei. Goierriko 50 enpresa baino gehiagori industria-bazkide den egitasmoak laguntza eta babesa eskaintzen die, berrikuntzan, lehiakortasunean, kooperazioan eta nazioarteko lankidetzan oinarrituta.
Goierri Valley egitasmoak dituen erronka garrantzitsuak azpimarratu nahi izan ditu diputatu nagusiak: "Oinarrian dute industria oso sakona, indartsua, enpresa oso aurreratuekin, ezagutza sistema on batekin eta administrazio publiko egituratu batekin. Horrek dakar ikuspegi ekonomikotik Gipuzkoan bailara indartsuenetakoa izatea, indartsuena ez bada, egituraketa horretan behintzat bai. Eta garbi dugu Foru Aldunditik elkarlan bat bultzatu beharra dugula Goierrirekin, baita Lazkaorekin ere".
Goierri Valley-ko ordezkariekin batera egitasmoaren parte den Leberri enpresa bisitatu zuten Markel Olano eta Ainhoa Aizpuru diputatuek. Leberri enpresak makina elektrikoen kalkuluan, diseinuan eta fabrikazioan dihardu, gaur egun hain zuzen ere.