Astelehean iritsiko da Emakumeen Bira Debagoienera

Xabier Urtzelai 2018ko mai. 18a, 15:05
Iazko Emakumeen Bira, Iurretan hasi zuten etapan. goiena

Zapatuan hasi eta martitzenera arte 31. Emakumeen Bira jokatuko dute Euskal Herrian. Astelehenean Aretxabaletan hasi (15:30) eta amaituko dute hirugarren etapa, eta kilometro gehienak ibarrean egingo dituzte; horietako asko, Aramaion.

Astelehenean txirrindularitza onenarekin gozatzeko aukera egongo da, Emakumeen Bira  Aretxabaletara iritsiko da eta  –lehenengoz UCI World Tour barruan–. Emakumezkoen 24 talde indartsuenak egongo dira, eta tartean izango da BizkaiaDurango-Euskadi Murias euskal taldea: "Logikoa den moduan, izugarrizko ilusioa dugu etxeko lasterketan gauzak ondo egiteko. Aurtengoa World Tour barruan dago, eta igarri egingo dugu hori; alegia, mailari dagokionez koska bat egingo dugu gora eta munduko txirrindulari onenen kontra lehiatuko gara. Ibilbidea oso ondo ezagutzen dugu; ihesaldietan sartzen ahaleginduko gara, eta, zergatik ez, baita postuengatik borrokatzen ahalegindu ere", adierazi du taldeko zuzendari Agurtzane Elorriagak. 

Hain zuzen ere, ziklista euskaldunei dagokienez, Bizkaia Durango-Euskadi Murias taldeko Ane Iriarte, Lierni Lekuona eta Agurtzane Elorriagarekin batera Legazpiko irteera puntuan egongo dira bihar Sopela Womens Team taldekoak, Movistarko Eider Merino eta Lourdes Oiarbide eta Ale Cipollini taldeko Ane Santesteban.

Faboritoen zerrenda 

Luxuzko ziklistak batuko dira WWT 31. Emakumeen Bira honetan, eta lasterketa irabazteko faboritoen artean, egungo lider Anna Van der Breggen dago, baita Elisa Longo-Borghini, Annemiek Van Vleuten eta 2017ko irabazle Ashleigh Moolman-Pasio ere. Halaber, ezin da alde batera utzi Lauren Stephens iparramerikarra. Ibilbideari dagokionez, lehenengo etapa Legazpin hasi eta amaituko da (108 kilometro), bigarrena Agurain  eta Gasteiz arteko erlojupekoa izango da eta laugarrena, berriz, Iurretan hasi eta amaituko dute (120 kilometro).

Elkarrizketa: Gorka Etxabe: "Guztira, 130 boluntario inguru izango dira astelehenean lanean"

Emakumeen Birako hirugarren etapa Aretxabaletako UDA Kirol Elkarteak antolatuko du: "Baina nabarmentzekoa da Oñatikoekin, Aramaiokoekin, Arrasatekoekin... harremanetan jarri garenean jaso dugun erantzuna", dio Etxabek. Astelehenean hainbat herritako 130 boluntario inguru ibiliko dira lanean. [Aretxabaletako etaparen xehetasunak, hemen].

Ibilbide ederra prestatu duzue Biraren hirugarren etaparako. 

Mankomunitatetik UDAra proposamena iritsi zenean, ziklismozaleok garbi geneukan lasterketa zikloturistok horren gogoko dugun Aramaioko bailarara eraman behar genuela, auzoetara. Aramaio Debagoiena dela aldarrikatzeko modua ere bada, baina baita paraje aldetik ederra delako ere.

Jaitsieraren bat kontuz egitekoa du. 

Bai, kontziente gara Etxaguen eta Arexola arteko zatian errepidea ez dagoela ondo. Baina Gabonetan Birako zuzendariarekin egin genuen ibilbidea, eta Bizkaia Durango-Euskadi Murias taldekoek ere errepasatu dute etapa, eta ez dute apartekorik aipatu, polita dela, eta gogorra. Egun horretan zuzendariei esan beharko diegu tarte horretan abisua pasatzeko ziklistei, kontuz jaisteko.

Ihesaldiendako etapa aproposa da. 

Bai; lehenengo 50 kilometroak lautadan egingo dituzte, Aretxabaleta eta OÒati artean, baina Aramaiora sartzen diren momentuan tropela apurtu egingo da. Etxaguen, Azkoagatik Untzilla, Arlaban, Kruzeta... etengabeko gorabeherak daude hor.

Zaleendako gomendioa: non ikusiko zenuke etapa? 

Irteera eta helmuga Aretxabaletan ikusiko nituzke, giro polita egongo da-eta herrian. Hor, herritarrei pazientzia izateko eskatu nahi diegu, aparkalekuetan, errepide mozketetan... eragina izango du eta. Eta, etapa erdian, Aramaio aldera joango nintzateke, ziklistak igoeraren batean ikustera. 

Etapa datutan:

  • Eguna:  Astelehena, 21
  • Lekua: Aretxabaleta
  • Irteera: 15:30
  • Helmuga: 18:40 aldera
  • Kilometroak: 114,5
  • Talde kopurua: 24
  • Mendateak: Bigarren mailako Etxaguen (55. kilometroa) eta Arlaban (81. kilometroa), eta hirugarren mailako Untzilla (64. kilometroa).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak